Azpeitiko alde zaharra biziberritzeko prozesu parte-hartzailea jarri du abian Azpeitiko Udalak. «Alde zaharraren biziberritzeak tarte berezia hartu du udalaren agendan», adierazi dute. Herriko hainbat «eragilerekin eta herritarrekin elkarlanean» osatu nahi dute prozesua udaleko ordezkariek.
Prozesu horren baitan, aldeekin biltzen hasi da udala. Joan den hilean askotariko eragileekin bilerak egiten hasi zen, eta hil honetan ere beste batzar batzuk egin ditu. «Bileren helburua elkarlanerako zubiak eraiki, eta abiapuntu berri bat ipintzea da», diote udaleko arduradunek. Batzarretan eragileek egindako ekarpenak kontuan hartuta «argazki orokor bat» osatu nahi dute.
Eragileekin bilerak
Prozesua nola joango den ere azaldu du Azpeitiko Udalak. Fase bat baino gehiago izango du. Hasierakoan, alde zaharraren biziberritzeari dagokionean ekarpena egin dezaketen eragileen zerrenda osatu, eta haiekin harremanetan jarriko da udala. Aurreneko bilera erronda bukatu dutela azaldu dute udal ordezkariek. «Alde zaharreko bizilagunekin, Kultur Mahaiarekin, merkatariekin, baserritarrekin, tabernariekin, Gazte Asanbladarekin, Baigera erretiratuen elkarteko ordezkariekin eta Emakumeen Mahaiarekin hitz eginda itxi da aurreneko erronda». Hala ere, alde zaharraren biziberritzearen alde lan egin nahi duten guztientzako ateak irekita dituzte.
Bilerak eginda, alde zaharreko mahaia osatu nahi dute. Udaleko ordezkariek, eragileen ordezkariek edota herritarrek parte hartzeko aukera izango dute. «Horrela, herri eragile eta herritarren arteko elkarlanean emango dira alde zaharra biziberritzeko urratsak», esan dute.
Hainbat neurri hartuta
Alde zaharra biziberritzeko prozesuaren baitan, eragileek egindako proposamenak kontuan hartuta, hainbat erabaki hartzen ere hasi da udala. Soreasuko lur azpiko aparkalekuaren sarrera furgonetak sartzeko egokitu dute. Aparkalekurako autoen sarreraren altuera 1,95 metrokoa izatetik 2,05 metrokoa izatera pasatu da. «Lehen sarrerak zuen altuerarekin zenbait furgoneta ezin zen sartu aparkalekura. Orain altuagoa da, eta furgonetak bertan aparkatzeko arazorik ez dute izango», azaldu dute.
Bide batez, udalak gogorarazi du Soreasun aparkalekuak alokairuan hartu edota erosteko aukera dagoela. Horren gaineko informazioa Azpeitiko udaletxean eskuratu daiteke, 943-15 72 00 telefono zenbakira deituta.
Hainbat neurri hartuta
Bestetik, Soreasuko lur azpiko aparkalekuan autoa doan uzteko denbora gehitu egin du Azpeitiko Udalak, lehen ordu eta erdian doan utzi zitekeen autoa eta orain bost orduz doan aparkatzeko aukera egongo da. «Merkatariek, erosleei alde zaharrera autoz sartzeko erraztasunak emateko eskaera egin zioten udalari, eta, proposamen horri erantzunez, Soreasuko lur azpiko aparkalekuan doan autoa uzteko denbora gehitu da», azaldu dute udaleko ordezkariek.