Azkoitia BHI ikastetxeko DBHko ikasleek Zugarramurdiko sorginak? antzezlana taularatuko dute bihar, osteguna, Baztartxo antzokian. Birritan eskainiko dute antzezlana: 10:30ean arituko dira goizez, eta arratsaldez, 15:00etan. Bi emanaldiak herritarrentzat irekiak izango dira.
"Emakumeenganako indarkeriaren kontrako borrokan guk ere gure ekarpena egin nahi dugu, eta Zugarramurdiko emakumeek XVII. mende hasieran jasandako jazarpena eta 'sorgin-ehiza' sakontasunez landu eta han pasatutakoaren kausak eta ondorioak ezagutu eta ulertu ditugunez, orain herriari erakutsi nahi izan diogu", azaldu du ikastetxeak.
Azaroaren 25a Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko Eguna da, eta Azkoitia BHIkoek aldarrikapen horrekin bat egiteko baliatuko dute biharko eguna, eta horretarako, ikastetxean nahiz herrian "hausnarketarako bidea" ematen duen antzezlana plazaratuko dute Baztartxon.