Indarkeria Matxistaren Aurkako Nazioarteko Eguna da gaur, eta Azkoitiko Udalak deituta, herritar ugari elkartu dira eguerdian Kontzejupean. Euria tarteko, plazan egitekoak ziren ekitalditxoa udaletxe azpian egin dute, aterpean, eta hara joandako herritarrek lore more nahiz eskuorri bana jaso dituzte udal ordezkarien eskutik.
EAJko nahiz EH Bilduko udal ordezkariek parte hartu dute ekitaldian, eta Azkoitia alkateak hartu du hitza. Indarkeria matxista Azkoitian ere errealitatea dela adierazi du hark, baina esan du iritsiko dela egun hori ospatzeak zentzurik ez duen eguna: "Hori izango da gure garaipena, gizarte osoaren garaipena, baina bitartean, gaur oraindik ez dakigu noiz arte, helmuga izaten jarraitzen du". Izan ere, haren hitzetan, hainbat aldarrikapen eta prebentzio lan eginagatik, ez dute lortzen "borroka hori" gainditzerik.
Azken urtebetean udaleko gizarte zerbitzuetan artatutako kasuak ekarri ditu gogora; izan ere, urtebeteko epean 21 kasu artatu dituzte Azkoitian: "21 tragedia, 21 bizitza puskatuta. Indarkeria ezin baita bizi, bizitzak puskatzen ditu". Zehaztu du Azkoitian zenbatutako indarkeria matxista kasuen erdiak 18 eta 30 urte bitarteko emakumeek pairatu dituztela, eta hiru direla adin txikikoak.
Alkateak irmo hitz egin du indarkeria matxistari aurre egiteko beharraz, eta esan du udalak bide horretan lan egingo duela. "Sufrimenduaren eta giza eskubideen urraketaren aurrean, guztion erantzukizuna da isiltasuna haustea, begirada zorroztea, eta emakumeari laguntza ematea". Azkoitiak esan duenez, gainera, tolerantziak eta neutraltasunak ez daukate tokirik: "Konpromiso kolektiboa behar dugu".
Halaber, indarkeria matxistak aurpegi asko dituztela ere gogorarazi du, eta askotan, indarkeria eta matxismoa jarrera hainbaten atzean ezkutatzen dela salatu du. "Hori baratzean pozoia botatzea da, eta gizarteak ezin du horrela uzta ona erein". Hark adierazi duenez, gainera, indarkeria matxistak ez du adinik, klaserik, profil jakinik, eta adierazi du emakume izate hutsagatik edonor izan daitekeela biktima.
Ekitaldia bukatzeko isilunea egin dute Kontzejupera joandako dozenaka herritarrek nahiz udal ordezkariek, eta gero, Txalkor txistulari taldeko kide batek Maitatia pieza eskaini du, txistuarekin eta danbolinarekin.