Sahatsa dantza taldeak, Azkoitiko Musika Bandak eta Iraurgi abesbatzak bi urtero, sanandresen bueltan, estreinatzen duten ikuskizunak ez du hutsik egingo aurten ere, eta oraingo honetan, Mahastian koblakari ikuskizun sortu berriaz gozatzeko parada izango dute larunbatean Baztartxo antzokian (18:30) elkartzen diren herritarrek.
Dantza taldea mende erdiko ibilbidearen ospakizunetan murgilduta den urtean, atzera begirada egin nahi izan dute artistek ikuskizun berria ontzeko; hain zuzen, duela urte batzuetako hainbat obra berreskuratu dituzte, eta horiei "ekoizpen berritzaileak" uztartuz sortu dute Mahastian koblakari lana; besteak beste, hiru taldeen arteko hiru obra garrantzitsu taularatuko dituzte larunbatean: Txanton Piperri, Oleskari Zarra opera lanaren Euskaldunen Zortzikoa eta Eusko Irudiak. Horiez gain, Amaia operako Ezpata dantza, Orbaizeta, Aingerutxo minunetoa eta Kapinaina eta erregina.
Dena den, pieza berriak ere eskainiko dituzte emanaldian, hala nola bandan interpretatuko duen Basque Rhapsody eta hark Iraurgirekin batera taularatuko duen Euskal Herria. Abesbatzak berak bakarrik taularatuko ditu, gainera, Mendian gora aritza eta Mutil txaleko gorri abestiak.
Sahatsak, bere aldetik, Benito Lertxundiren Urrundik heldu naiz eta Bizkaia maite abestiak eskainiko ditu, eta Abadiñoko Karmentxu ere bai. Horiez gain, dantzariek esne banatzaileen eta eskalapoi dantzen arteko "lotura polita" eskainiko dutela aurreratu du Sahatsak; hori guztia gutxi ez, eta bi koreografia berri ere taularatuko ditu taldeak: Zuberoako dantza eta doinu "ederrez" osatutakoa bata, eta mahats bilketaren inguruko jaia, bestea.