Euskarak gizartearen eraldaketaren aurrean dituen erronkak aztertuko dituzte datorren astean, Azkoitian

Andoni Elduaien

Kike Amonarrizek irekiko du hitzaldi zikloa, asteartean. (Utzitakoa)

EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak eta Azkoitiko Udalak 'Euskara, zientzia eta gizarte berriak' hitzaldi-zikloa antolatu dute datorren asterako. Kike Amonarriz soziolinguista, Cecilia Fernandez-Altonaga hizkuntzalaria, Olatz Perez de Viñaspre informatika-ingeniaria eta Andoni Sudupe adimen artifizialeko aditua Azkoitiko Elkarguneko Oteiza aretoan izango dira abenduaren 1etik 3ra bitartean. 

EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak eta Azkoitiko Udalak Euskara, zientzia eta gizarte berriak izeneko hitzaldi zikloa antolatu dute datorren asterako. Zikloak gizarte aldaketek eta adimen artifiziala bezalako aurrerapen teknologikoek euskararen egungo eta etorkizunerako dakartzaten erronkak eta aukerak izango ditu hizpide. Hitzaldiak abenduaren 1ean, 2an eta 3an izango dira, Elkarguneko Oteiza aretoan. Saio guztiak 18:30ean hasiko dira, eta sarrera librea eta doakoa izango da. 

Kike Amonarriz soziolinguista eta umoristak zabalduko du hitzaldi zikloa abenduaren 1ean, asteartean. Euskararen etorkizuna eraldatzen ari den mundu honetan izeneko hitzaldia eskainiko du Amonarrizek, eta gizarte aldaketen testuingurua oinarri hartuta, euskararen etorkizunari buruz hausnartuko du hark. Hitzaldian, euskal hiztunak aurrean dituen erronkak aztertuko ditu, baita erronka horiei nola aurre egin ere. Horretarako, bere ibilbidean landu dituen hainbat proiektutan eta ekimenetan izandako esperientzia izango du kontuan.

Abenduaren 2an, asteazkenean, Cecilia Fernandez-Altonaga hizkuntzalariaren txanda izango da. Fernandez-Altonaga EHUko eta Paueko eta Aturrialdeko Unibertsitateko (UPPA) doktoregaia da. Hitzaldian zehar hainbat ikerketa aipatuko ditu hark, euskara ikasteko hizkuntza zaila dela dioen usteak zenbaterainoko oinarria duen aztertzeko. Horrez gain, hizkuntzen ikaskuntzan eragina duten faktoreak azalduko ditu, testuinguru eleaniztunetan ikaskuntza prozesua erraztu dezaketen faktoreetan arreta berezia jarriz.

Abenduaren 3an, ostegunean, amaituko da Euskara, zientzia eta gizarte berriak hitzaldi zikloa, Olatz Perez de Viñaspre informatika ingeniariaren eta Andoni Sudupe adimen artifizialeko adituaren hitzaldiarekin. Perez de Viñaspre EHUko Informatika Fakultateko irakaslea da, eta Sudupe, berriz, EHUko Hitz zentroko ikertzailea. Azken saio horretan, adimen artifizialean oinarritutako hizkuntza eredu handiek nola funtzionatzen duten azalduko dute bi adituek, eta Latxa bezalako tresnek euskarazko komunikazioa, erabilera eta ikaskuntza nola erraztu dezaketen erakutsiko dute.

Elkargunera bertaratu ezin dutenek zuzenean jarraitu ahal izango dituzte hitzaldiak EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren Katedratik TikTok sare sozialaren bidez.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide