Eman daiteke Gabonetako Erakusleiho Erakusketarako izena. Udaleko Merkataritza arloak eta Herrixen merkatari elkarteak seigarrenez egingo dute aurten tokiko merkataritza txikia bultzatzea, kontsumitzaileen erosketa ohituretan eragitea eta Gabon giroa piztea helburu duen egitasmoa.
Udalak erakusketan parte hartzera animatu ditu saltokiak, eta interesa dutenek abenduaren 4ra arteko epea izango dute horretarako; egun horretako 15:00 baino lehen eman beharko dute izena Herritarren Arreta Zerbitzuan edota Herrixen elkartearen bulegoan (Kultur Etxeko lehen solairuan); Azkoitiko merkatari elkartearen herrixen@hotmail.com helbide elektronikora idatzita ere eman daiteke izena.
Egitasmoan izena emandako saltokiek abenduaren 9tik urtarrilaren 7ra bitartean izan beharko dituzte atonduta beren erakusleihoak. Gainera, azken urteetan bezala, udalak eta Herrixen elkarteak eskertza eta aitortza ekitaldia egingo diete egitasmoan parte hartuko duten saltoki guztiei. Abenduaren 19an, larunbatez, egingo dute ekitaldia, Elkargunean (13:30).