Bolillo lanen erakusketa, Bizkargikoen emanaldia, baserritarren azoka eta talo ikastaroa, igandea girotzeko

Maialen Etxaniz

Azoka Plaza barruan ehoziri edo bolillo lanen erakustaldia egin dute dozenaka jostunek. Donostiatik, Hondarribitik edota Iruñetik etorritako hainbat lagun elkartu da Azkoitian. Kontzejupean taloak egiten aritu dira gaztetxoak eta haien gurasoak, eta horiek dastatzeko aukera izan dute. Bizkargi musika eta dantza eskolakoek eta Txalkor txistulari taldekoek urteroko kalejirarekin girotu dituzte herriguneko kaleak.

Batzuk oraindik atzoko sanandresetako danborradaren ajeari aurre egiten ibili bitartean, jaiak kalean jarraitu du Azkoitian. Goizean zehar, herriko eta inguruetako baserritarren azoka izan da plazan: Azkoitiko Ipintzak, Zumetak, Zabaletak eta Balentziagak, Azpeitiko Etxearretak eta Berastegik, eta Elgoibartik Lizasagarrek jarri dituzte postuak.

Bitarte horretan, taloak egiten ikasteko tailerra izan da Kontzejupean, Bizilore eskolakoen partetik. Aurrena, taloak egin dituzte haurrek, eta ondoren, horiek sutan egin, eta nahi zuten lagungarriarekin dastatzeko aukera izan dute gaztetxoek nahiz helduek.

Bestalde, Bizkargi musika eta dantza eskolakoek eta Txalkor txistulari taldekoek urteroko kalejirarekin girotu dituzte herriguneko kaleak, Gaztaneneatik abiatuta. Eguraldia lagun izan dutenez, jende dezente hurbildu da gaztetxoen eta gazteen dantzak ikustera. 

Zertxobait ezkutuago, Azoka Plaza barruan, ehoziri edo bolillo lanen erakustaldia egin dute dozenaka lagunek. Donostiatik, Hondarribitik edota Iruñetik etorritako hainbat lagun elkartu da Azkoitian, haien topaketan. Lanean aritu ez ezik, txorizo pintxoak dastatzeko aukera ere izan dute, eta goiz pasa ederra egin dutela aitortu dute horietako hainbatek.

 

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide