'Eta hitza emakume egin zen' liburua kaleratu du Maite Lopezek, 'Zirtak su' trilogiako bigarrena

Maialen Etxaniz

Maite Lopez, atzo, Donostiako aurkezpenean. (Alberdania)

Zirtak su izeneko trilogiako bigarren liburuan ere Egeria, mendebaldeko lehen emakume bidaiaria eta idazlea da protagonista. Hark Galia atzean utzi, eta italiar penintsula osoa zeharkatuko du, iparraldetik hegoalderaino. Bidaian zehar, abentura eta ezbehar ugari biziko ditu. Maite Lopezek atzo aurkeztu zuen bigarren liburukia, Donostian. 

Zirtak su trilogiaren bigarren liburua kaleratu du Maite Lopezek: Eta hitza emakume egin zen. Atzo aurkeztu zuen literatur lana idazle azkoitiarrak Donostiako udal liburutegian, Alberdania argitaletxearen eskutik. Horrela dio sinopsi laburrak: "Emakume baten bidaia ausartak Erromatar Inperioa zeharkatuko du; benetako abentura, ordea, bere ahotsa aurkitzea eta isiltasunari aurre egitea da". 

Egiazko gertakizun batean oinarritu du Lopezek Zirtak su trilogia. Egeria, mendebaldeko lehen emakume bidaiaria eta idazlea du ardatz. Hala, IV. mendeko emakume horren bidaia luzea kontatzen du Lopezek proiektuan, Gallaeciatik Lur Santurainokoa, alegia. Protagonistaren gorabeherak bildu ditu azkoitiarrak liburuan, eta istorio horiek guztiak orduko testuinguru berezian eta nahasian kokatu: Erromatar Inperioaren gainbeheran eta kristautasunaren hastapenetan.

Trilogiako bigarren liburuan, protagonistak Galia atzean utzi, eta italiar penintsula osoa zeharkatuko du, iparraldetik hegoalderaino. Bidaian zehar, abentura eta ezbehar ugari biziko ditu. Antzinate berantiarreko gizartearen gorabeherak islatzen direla aurreratu du idazleak.. Horrez gain, Itinerarium testuaren laburtasuna azaldu nahian, lagunei idatzitako eskuizkribuaren nondik norakoak ere tartekatuko dira liburuko kapitulu bikoitietan. "Monje eta moja kopistek testua kopiatu ala ez erabaki beharko dute mendeetan eta Europako monasterio desberdinetan zehar. Aurreneko liburukiaren ildotik, kopista bakoitza bekatu nagusi batekin loturik egongo da", dio Lopezek. Bidaia "kronika bikoitza" izango da: "Batetik, protagonistak bere jarraigo leialaren laguntzaz egindako ibilbidea, eta, bestetik, kodizearen bidaia Europako scriptorium-etatik barrena". Aurreratu duenez, fisikoa ez ezik, barne bidaia ere izango da, Egeriaren gogoetek gonbidatuko baitute irakurlea bere hausnarketen eta gorabeheren lekuko zuzen izatera. Lopezen trilogiak filosofia, misterioa, abentura eta historia generoak uztartzen ditu.

Egilearen hitzetan, IV. mendeko Europa ezagutzeko aukera eskaintzen du eleberriak, "fedearen eta jakinminaren eraginez bidaiatzera ausartu zen hispaniar jatorriko emakume erromatar baten konpainian". Bigarren liburukian, misterioa emakumearen bizipenetan gorpuztuko da berak bidaian zehar idatzitako hitzen bitartez. Aritz Galarraga Alberdania argitaletxeko editorearen hitzetan, "historiak bazterrean utzi dituen pertsonaia ugari dago, eta literaturak badu haiei ahotsa itzultzeko gaitasuna", eta haren aburuz Egeria da pertsonaia horietako bat: "Bbidaiatzen duen emakumea, munduari begiratzen diona, galderak egiten dituena eta aurrez ezarritako errealitatearekin konformatzen ez dena. Haren ahotsa berreskuratzen duen trilogia baten bigarren liburukia da aurkeztu duguna". 

Trilogiaren haria

2022. urtean kaleratu zuen azkoitiarrak Ibilbidea itzulpen liburua (Testu Zaharrak), eta hura oinarri hartuta ondu du orain Zirtak su. Egeriaren ibilaldi osoaren zati bat baino ez da iritsi gaurdaino, eta hori "oso adierazgarria" egin zitzaion idazleari. "Orduan piztu zitzaidan niri zirta, eta hortik sua edo eleberria. Ustez Egeriak egin zuen ibilbide osoa berreraiki dut. Abenturazko eleberri bat da, baina tartekatu dut zentsuraren atala. Izan ere, zergatik heldu zaigu guri bakarrik Lur Santuko zatia, halako bidaia luzea egin bazuen Egeriak?", adierazi zion Lopezek Azkoitia Gukari. Galdera horri erantzuna eman nahian jorratu du idazleak zentsuraren gaia. Hain justu, Egeriak egindako bidaia zentsuraren gaiarekin tartekatu du Lopezek kapituluka. 2026ko otsailean kaleratu zuen Zirtak su trilogiaren aurreneko liburua, Hasieran bazen hitza.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide