Isilune Zirkuluaren hitzordua izan zen atzo iluntzean, eta azaroko elkarretaratzea Mendebaldeko Saharari eskaini zioten herriko plazan bildu ziren herritarrek. Izan ere, joan zen azaroaren 1ean Nazio Batuek Minurso misioa amaitzea erabaki ondoren, Mendebaldeko Saharan "ziurgabetasunaren itzala are gehiago zabaldu" dela adierazi zuten egitasmoaren deitzaileek.
Horren aurrean, Espainiako Gobernua seinalatu zuten, hark ardurak har ditzan: "Espainiak Mendebaldeko Sahara utzi zuen deskolonizazio prozesua amaitu gabe. Eta, hamarkada batzuk geroago, 2022an, Marokoren autonomia planari babesa adierazi zion. Non geratu da erantzukizun historikoa? Non geratu dira duela 51 urte hartutako konpromisoak?".
Bien bitartean, milaka saharar Tindufeko errefuxiatuen kanpalekuetan bizi direla gogoratu zuten deitzaileek; basamortuko "muturreko" baldintzetan, oinarrizko baliabideen "eskasiarekin" eta nazioarteko laguntzen menpe. "51 urte igaro dira lehen familiak Tindufera iritsi zirenetik. Behin-behineko babesleku izan behar zutenak belaunaldi osoen bizileku bihurtu dira. Han jaio dira haurrak, hazi dira gazteak eta zahartu dira aitona-amonak. Askok ez dute inoiz beren herria ezagutu, baina haren memoria eta itzultzeko nahia bizirik mantendu dituzte", gaineratu zuten. Isilune zirkuluaren arabera, gainera, laguntza humanitarioa ezinbestekoa da, baina ezin du konponbide politiko baten lekua hartu. "Eta ezin dugu onartu erbestea belaunaldiz belaunaldi oinordetzan jasotzea".
Horregatik, 51 urte geroago, Espainiako Estatuari bere erantzukizun historikoa bere gain har dezala eskatu zioten. Nazioarteko komunitateari, berriz, galdegin zioten Mendebaldeko Sahararen deskolonizazio prozesuari irtenbide justu eta iraunkorra emateko urrats eraginkorrak egin ditzala, saharar herriaren autodeterminazio eskubidea errespetatuz.