Plaza Ondok datorren astean ospatuko du 2026ko Jubilatuen Astea

Andoni Elduaien

Hainbat jubilatu, iaz, Jubilatuen Astearen barruan jokatutako karta txapelketetan. (Plaza Ondo)

Ekintza desberdinez osatutako astebeteko egitaraua ondu du Plaza Ondo elkarteak 2026ko Azkoitiko Jubilatuen Astea ospatzeko. 

Azkoitiko Plaza Ondo jubilatuen elkarteak datorren astean ospatuko du aurtengo Jubilatuen Astea. Hitzaldiak, irteerak, karta joko nahiz bingo txapelketak eta otorduak egingo ditu herriko erretiratuen elkarteak beren astea ospatzeko. 

Astelehenetik hurrengo astelehenera bitartean egingo dituzte ekintza guztiak, larunbata atsedenerako eguna hartuta. Astelehen goizean, Udaltzaingoak emango du hitzaldia, eta arratsaldean, bingo saioa egingo dute. Asteartean, goizean, bisita gidatua egingo dute Juan Bautista Mendizabalek gidatuta, eta arratsaldean, karta joko txapelketen kanporaketak jokatuko dituzte. Asteazkenean, berriz, Ordiziako (Gipuzkoa) azokara joango dira goizean jubilatuak, eta arratsaldean, karta joko txapelketen finalak jokatuko dituzte. 

Astearen bigarren erdian ere askotariko ekintzak egingo dituzte Plaza Ondo elkartean. Ostegunean, bingo berezia jokatuko dute arratsaldean, eta ostiralean, txokolatada eta dantzaldia izango dituzte elkartean. Igandean, eguerdian, meza egingo dute Floreagako elizan, eta gero, Joseba jatetxera joango dira bazkaltzera. Gainera, bazkalostean dantzaldia izango dute jatetxean bertan. Astelehenean, San Andres egunez, itxiko dute aurtengo Jubilatuen Astea, Plaza Ondo elkartean elkarteko kideei eskainiko dieten pintxoarekin eta tragoarekin. 

Hona hemen Azkoitiko Jubilatuen Astearen egitaraua: 

Astelehena, azaroak 23:

  • 10:30. Udaltzaingoaren hitzaldia, Plaza Ondo elkartean. 
  • 16:00. Bingo arrunta, Plaza Ondo elkartean.

Asteartea, azaroak 24: 

  • 10:30. Bisita gidatua udaletxe paretik abiatuta herrian zehar, Juan Bautista Mendizabalek gidatuta. 
  • 16:00. Erratz, tute eta seiko urrea karta joko txapelketen kanporaketak, Plaza Ondo elkartean. 

Asteazkena, azaroak 25: 

  • 09:30. Irteera Ordiziako azokara. Autobusa doan izango da. 
  • 16:00. Erratz, tute eta seiko urrea karta joko txapelketen finalak, Plaza Ondo elkartean. 

Osteguna, azaroak 26: 

  • 16:00. Bingo berezia eta aparteko sariak, Plaza Ondo elkartean. 

Ostirala, azaroak 27: 

  • 16:30. Txokolatada eta dantzak, Plaza Ondo elkartean.

Igandea, azaroak 29: 

  • 12.00. Meza, Floreagako elizan. 
  • 14:00. Senide arteko bazkaria eta dantza, Joseba jatetxean. 45 euro ordaindu beharko da menua. 

Astelehena, azaroak 30: 

  • 11:30-13:30. Pintxoa eta tragoa, Plaza Ondo elkartean. 

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide