Dortsal guztiak agortu dira Raka Maraton atletismo taldeak zapaturako antolatu duen 21. Azkoitiko Herri Lasterketarako. Guztira, 350 lagunek parte hartuko dute Azkoitiko kaleetan zehar San Andres jaien barruan jokatzen den 10 kilometroko proba azkarrean.
Urtero moduan, 16:30ean izango dute irteera ordua parte hartzaileek herriko plazan, eta orotara, hamar kilometroko ibilbidea osatu beharko dute. Aurreneko kilometroetan herriko plaza, San Martin kalea, Jausoro auzuneko Burdinoleta, Ibaiondo, Xabier Munibe, Guardia eta Ibaiondo kaleak lotuko dituzte, hurrenez hurren. Ibilbide hori osatutakoan, Ibaiondo kaletik Altzibar auzora joko dute antxintxikalariek. Altzibar auzoan zehar korrikalariek egingo duten lehen igaroaldian Anaitasuna plazari emango diote itzulia; bigarren itzulian, berriz, Altzibar plaza inguratuko dute.
Bai aurreneko itzulian, bai bigarrenean, Altzibartik plaza ingurura itzuliko dira berriro korrikalariak, hain justu, San Martin eta Ibaiondo kaleetara. Elkarguneko biribilgunean, ertzain-etxe aurreko malda igo beharko dute, eta handik Juin industrialderako bidea hartuko dute. Segidan, Julio Urkixo etorbideko 40 zenbakiaren pareko bidegurutzera aterako dira parte hartzaileak, eta gero, hurrenez hurren, Izpiritu Deuna, Ugarte nahiz Klara Donea kalea eta Plazaberri lotu beharko dituzte, plazara iristeko. Plaza iristean osatuko dute lehen itzulia korrikalariek, baina handik abiatuta ibilbideari bigarren itzulia eman beharko diote gero, berriz ere plazara iristeko.
Errekorrak, urrun
Ibon Badiolak eta Amagoia Iribarrek irabazi zuten iaz jokatu zuten XX. Azkoitiko Herri Lasterketa. Badiolak 00.30.44 denboran osatu zuen ibilbidea, eta Iribarrek, 00.36.45 denboran. Dena den, lasterketaren errekorretatik urrun gelditu ziren iazko irabazleak. Bernard Mwangi keniarrak 2008an ezarri zuen errekorra da gizonetan hautsi beharrekoa: 00.29.53 denbora. Emakumeetan, berriz, Ainhoa Murua zarauztarrak eutsi egiten dio 2007an ezarri zuen errekorrari (00.34.39).
Boluntarioei deia
Raka Maraton atletismo taldeak zapatuan jokatuko den herri lasterketan boluntario moduan lagundu nahi dutenei deia egin die. Bereziki, bidegurutzeetarako eskatu du laguntza antolakuntza taldeak. Lagundu nahi duten herritarrek 15:30erako herriko plazan izan beharko dute, lasterketari buruzko irizpideak eta xehetasunak orduan emango baitituzte antolatzaileek.