Etzi, ostirala, amaituko da Maxixatzen Euskaldunon Elkarteak aurten azkenekoz egingo duen Orbel Jokoak lehiaketarako izen ematea. Horretarako, honako galdetegi hau bete beharko dute partaideek. Herriko euskara elkartea duela hamar urte hasi zen lehiaketa antolatzen, baina aurtengoarekin agur esango diote euskal kulturaren alderdi ludikoa euskaraz sustatzeko balio izan duen jolasari. Hori hala, herritarrak parte hartzera animatu nahi izan dituzte: "Urte hauetan parte hartu dutenei berriro elkartzeko gonbidapena egin nahi diegu, eta inoiz animatu ez direnei, berriz, azken aukera hau aprobetxatzekoa".
Aurtengoa izango da, beraz, Orbel Jokoak lehiaketaren azken aldia, hamaikagarrena, hain zuzen ere. Maxixatzenek agurreko eguna "egun berezia" izatea nahi du, eta hori hala, egun bakarreko lehiaketa handi bat antolatu dute; aurre-kanporaketa eta finala arratsalde berean jokatzeko erabakia hartu du euskara elkarteak. Azaroaren 27an, ostiralez, Elkarguneko Intsausti aretoan jarri du Maxixatzenek lehiaketa jokatzeko hitzordua (17:30).
Aurten ere hiru sari banatuko ditu Maxixatzenek lehiaketako lehen sailkatuen artean: talde irabazleak 300 euroko saria jasoko du, bigarrenak 180 eurokoa, eta hirugarrenak 120 eurokoa. Maxixatzenek esan du lehiaketaren amaieran jan-edanerako tartea izango dela. "Animatu, eta ea Orbel Jokoak merezi bezala agurtzen ditugun", esan dute euskara elkartekoek.