Jon Plazaolak 'AA Aita' bakarrizketa komiko berria aurkeztuko du ostiralean, Baztartxon

Andoni Elduaien

Plazaola, Azpeitian eskaini zuen saioan. (Kulturaz)

Plazaolak aitatasunak sortu dizkion alde onak elkarbanatuko ditu ikusleekin ostiralean, Baztartxon. Sarrerak Entradium atarian eskuratu daitezke.

Jon Plazaola aktore eta umoristak AA Aita izeneko bakarrizketa aurkeztuko du ostiralean, hilak 20, Baztartxo antzokian (20:00). Aurreko Tu-Tum; Platz! ikuskizunarekin bi urteko bira arrakastatsua egin ostean, sortzaileak bere bizitza pertsonalean bizitakoa eramango du bakarrizketa berriarekin oholtza gainera, publikoari barre eraginarazteko.

Ikuskizunaren abiapuntua berezia da. Plazaolak aurreko lana estreinatu zuenean, bere lehen semea jaio eta hiru egun besterik ez ziren igaro, aitatasun bajari uko eginez. Orain, haurrak bi urte bete eta gero, aitatasunean altan jarraitzen duela aprobetxatu du bizipen horiek guztiak antzokietara eramateko. Plazaolak aitatasunak sortu dizkion alde onak elkarbanatuko ditu ikusleekin, baita prozesu horretako "oinazea monetizatzeko" bete duen helburua ere. Umore zorrotza baliatuz, aitatasuna hartuko du aitzakiatzat norberaren eta gizartearen "patetismoaz" nahiz "ergelkeriaz" gogoeta egiteko.

Sarrerak 15,5 euroan daude eskuragarri Entradium atarian. 

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide