Ibaiko landare inbaditzaileak kentzen hasi da udala

Andoni Elduaien

Beharginak ibaiko landare inbaditzaileak kentzen. (Udala)

Ekosistemetarako "arrisku maila handiena" duten landareak kenduz hasi dituzte lanak ibaian. Uraren Euskal Agentziak landare espezie inbaditzaileak kudeatzeko markatutako irizpideen arabera ari dira lanean. 

Azkoitiko Udala Urola ibaiko landare inbaditzaileak kentzen hasi da. Aranzadi zientzia elkartearekin elkarlanean, erakundeak ibaiko landare inbaditzaileen kartografia ondu du, eta lehen diagnostiko horri esker, ibaiko landare aloktono inbaditzaileen zerrenda osatu dute, bakoitzaren kokapena jasoz. Lanketa horren barruan, landareak identifikatu eta lokalizatu dituzte, baita horien mehatxu maila ezagutu eta kudeaketarako proposamenak jaso ere.

Udalak azaldu duenez, landare inbaditzaileak erauzteari ekin diote. Ekosistemetarako "arrisku maila handiena" duten landareak kendu dituzte aurrena, hala nola Robinia pseudoacacia, Reynoutria japonica, Helianthus tuberosus, Buddleja davidii eta Platanus hispanica. Lan horiek gauzatzeko, gainera, udalak Gipuzkoako Foru Aldundiaren beharrezko baimena du; metodo fisikoak erabiliz ari dira lanean, Uraren Euskal Agentziak landare espezie inbaditzaileak kudeatzeko markatutako irizpideen arabera.

Datozen urteetara begira, udalak lan horiei eusteko asmoa du. "Kudeaketa lan hauekin jarraitzeko interesa du udalak, natur ondarearen babesa, ibaia bezalako habitat zaurgarrien leheneratzea eta natur eremuen biziberritzea helburu hartuta", adierazi du. 

Landare inbaditzaileen inguruko azterlana eta aurre egiteko neurrien plana gauzatzea 2024ko aurrekontu parte hartzaileen prozesuan proposatu zuten herritarrek. 

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide