Ezkurrak bildu dituzte hainbat lagunek Martirieta inguruan

Andoni Elduaien

Martirieta auzoko hariztiek eta arteek emandako ezkurrak jasotzen aritu dira gaur goizean 45 bat lagun. Tokian tokiko basoak berreskuratzeko, haziak ezinbestekoak dira, eta hori lortzeko xedez gauzatu dute ekintza Urola Bizirik natur taldeak eta Kutxa fundazioak. 

Urola Bizirik natur taldeak eta Kutxa fundazioak antolatuta, ezkur bilketa egin dute gaur, zapatua, Martirieta auzoan 45 bat lagunek. Helduak, gazteak eta haurrak denak batera aritu dira auzo horretan haritzaren eta artearen ezkurrak pilatzen. 10:00etan elkartu dira parte hartzaileak Aizkibel liburutegiaren parean, eta handik abiatu dira Martirieta auzora parte hartzaileak.

Gasteizko, Bilboko, Hernaniko eta Zumaiako (Gipuzkoa) kideak izan dira gaurko ekintzan, herritarrez gain. Antolatzaileen esanetan, gauza asko behar dira tokian tokiko basoak berreskuratzeko, baina haziak dira horien artean garrantzitsuenak. Hori hala, ezkurrak bilduko dituzte, horiek direlako bertako "ingurura, lurzorura eta klimara" egokituta daudenak, eta etorkizuneko basoek aurrera egin ahal dezaten, behar duten "informazio genetiko guztia" dutenak. 

Ezkurrak bildu eta gero, hamarretakoa egin dute parte hartzaile guztiek elkarrekin.

(Argazkiak: Urola Bizirik natur taldea)

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide