Lozorrotik irtenda, Akauzaztek etxean barreiatuko du soinua

Ane Olaizola

Akauzazte taldeko kideak, Matadei aurrean. (Akauzazte)

Azkoitiko musika taldearen ibilbidea jaso du Iñigo Basaguren-Duartek liburu batean, eta bihar aurkeztuko du Matadeixen. Gauean, taldearen zuzenekoaz gozatu ahalko da bertan.

Hainbat urtez lozorroan egon ondoren, bueltan da Azkoitiko Akauzazte musika taldea. Agertokietara itzuliko da, bi argitalpenekin: batetik, kasete formatuko Luzokertzarrak diskoa publikatu du; eta bestetik, Akauzazte: sua indartzen ari gara liburua ere kalean da. 1992an Matadeixen sortu zenetik "euskal lurpeko eta musika esperimentaleko proiekturik erraldikal eta menderaezinena" bihurtu den taldea, gainera, Azkoitiko hiltegi zaharrean izango da bihar, bere betiko habitatean, alegia, baina jendaurrean; eta etxekoei ez ezik, han eta hemen dituen zale guztiei aurkeztuko dizkie lan berriak. 

Rock konbentzionaletik urrun, soinu industrial, astun eta hipnotikoa garatu dute sorreratik Roge Astigarragak, Joxe Larrañagak eta Iker Arrazola Arra-k Akauzazterekin, eta unibertso horri fidel eutsi diote horiek hiru hamarkadatan; azken urteetan, taldera batu diren Jon Enatarriaga, Asier Gurrutxaga, Xabier Ubeda Baxi eta Oier Etxeberria Mini ondoan dituztela. Hain zuzen, soinuaren unibertso estetiko hori paperera eraman du orain Iñigo Basaguren-Duarte idazleak. Akauzazte: sua indartzen ari gara idatzi du, Antton Iturberen hitzaurrearekin eta Adrian Romero Ruizen maketazioarekin, eta taldearen "historia, estetika konprometitua eta soinuaren bilakaera" aztertu ditu. "Biografia arrunt bat egitea baino, Akauzazteren unibertsoa ezagutzea nahi nuen, eta bidaia horretan jasotzen nuena idatzita utzi. Hau da, taldearen unibertsoaren azalera eta sakontasun osoa ulertzen saiatu naiz", adierazi du idazleak. 

Kontzertu zein elkarrizketa gutxi eman dituen taldea izan da Akauzazte, eta ildo horretan, talde "itxia" izan dela azaldu du Basaguren-Duartek. Beraz, taldearen ezkutuko arloan ere sakondu nahi izan du liburuan: "Oro har, publikoak oso gutxi daki Akauzaztez: bat-batean, disko bat ateratzen du, kontzertu gutxi batzuk besterik ez ditu ematen, eta berriz desagertzen da". Idazlearen arabera, horrek bide ematen du taldea mitifikatzera; horregatik,  jakin nahi izan du kanpotik eraikia izan den Akauzazteren irudia egiazkoa al den edo ez. "Egiak eta gezurrak bilatzea baino, beraien unibertsoaren bueltan entzuleok zer sortu dugun arakatu nahi nuen", zehaztu du.  

Taldeak 2004an kaleratu zuen Azalberritan diskoarekin egin zen, batez ere, Basaguren-Duarte Akauzazteren zale, eta ordutik oso gertu jarraitu izan ditu Azkoitiko taldearen pausoak. "Atera dituzten lan guztiak pila bat gustatu izan zaiizkit. Zuzenean ere ikusi ditut, nahi baino gutxiago, baina beti izan dira indar handikoak", azaldu du.

Akauzazteren unibertsoak "liluratzen" duela aitortu du idazleak, batez ere, "aberatsa eta sinesgarria" delako, eta indar hori aitzakia izan du taldeari buruzko liburua ontzeko. Taldeak eta idazleak 2020an ezagutu zuten elkar, eta ordutik, Matadeiko sutondoan "mila bider" elkartu direla adierazi du Basaguren-Duartek: "Batzuetan, hasieratik taldean dauden hiru kideekin soilik elkartzen nintzen, eta besteetan, beste taldekideak ere etortzen ziren. Beste batzuetan, berriz, 80ko hamarkadan Gazte Asanbladan ibili ziren lagunekin elkartzen nintzen. Denbora asko pasatu dut Matadeixen, hori gabe ez dagoelako ulertzerik Akauzazte". 

Liburuaren argitalpena, gainera, ez da iritsi bakarrik, kalean baita Akauzazteren disko berria ere: Luzokertzarrak. Eclectic Reactions Records diskoetxearekin kaleratu dute zazpi musikariek kasetea, eta 1994. urtetik 2022ra artean Matadeixen bertan egindako grabaketa historikoak zein artxibokoak bildu dituzte lanean. "Urte horietan lokalean sortutako inprobisazioen grabazioak bildu ditugu kasetean. Bere garaian, albo batera utzi genituen inprobisazio eta ideia horiek, baina itxura ona zutela ikusita, koherentzia eman eta guztiak batzea pentsatu dugu orain", esan du Enatarriagak. Hori hala, diskoaren bidez taldearen "bilakaera eta tentsio orokorra" jasoko dituzte diskoa entzuten dutenek.

Gauean, kontzertuak

Joan den urriaren amaieran Bilboko Anti liburudendan aurkeztu ostean, bihar izango da liburuaren aurkezpen "handia", etxean egingo baitute publiko. Liburuaren aurkezpena 19:00etan izango da, eta Basaguren-Duarte eta liburuari hitzaurrea egin dion Antton Iturbek gidatuko dute ekitaldia, batak besteari egingo dion elkarrizketa formatuan. 

Gainera, Akauzazteren zaleek hitzordu bikoitza izango dute bihar Matadeixen, gauean kontzertua ere eskainiko duelako Azkoitiko taldeak. 22:00etan hasiko da musika gaualdia, eta Akauzaztek etxeko beste talde batekin partekatuko du Matadeiko oholtza: Ustel. Sarrerak 8 eurotan salduko dituzte.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide