Ekaitz Maizek hitzaldia eskainiko du bihar, Elkargunean

Andoni Elduaien

Ekaitz Maiz eskalatzailea. (Ekaitz Maiz)

18:00etan hasiko da Maizen hitzaldia, Elkargunean. Era berean, Tajikistanen eta Asia Zentraleko Pamir mendikatean egindako mendi espedizio bat du ardatz duen ikus-entzunezkoa aurkeztuko du. Bestalde, 2027. urterako median federatzeko epea zabalik du Anaitasuna mendi bazkunak.

Anaitasuna mendi bazkunak antolatuta, Ekaitz Maiz eskalatzaileak hitzaldia eskainiko du bihar, ostirala, Elkargunean (18:00). Maizek Pamir. Izotza eta Haitza izeneko hitzaldia eskainiko du; hitzaldiz gain, ikus-entzunezko lana ikusteko aukera ere eskainiko du biharko hitzorduak.

Tajikistanen eta Asia Zentraleko Pamir mendikatean egindako mendi espedizio bat du ardatz lanak. Muturreko baldintza horietan, izotzaren eta haitzaren artean bide berriak zabaltzeak dakartzan abenturak, zailtasun teknikoak eta bizikidetza arazoak azaltzen dira. Bihar aurkeztuko duen ikus-entzunezkoan euskaldun eta katalan talde batekin egindako espedizioa izango du hizpide. Ak-Su-ko haranean hainbat eskalada egin zituzten, tartean, mundu mailan Bigwalleko klasikoa den Perestroika Crack. Komunismo mendian, ia 7.000 metrora, erreskate batean parte hartu behar izan zuten, eta espedizioa Korzhenevskaya (7.105 metro) mendiaren gailurra zapalduta bukatu zuten.

Etxauriko eskalada eskolako kidea da Maiz, eta eskalada-bideen ekipatzailea. Nafarroako eskalada-eskoletan bide asko zabaldu ditu, batez ere Etxaurikoan. Maiz denetarik egina da, ordea: bederatzikoak kateatu ditu, neguko irekierak, 400 bide baino gehiago ekipatu. 

Mendian federatzeko aukera

Bestalde, Anaitasuna mendi bazkunak jakinarazi du zabaldu dutela 2027. urterako mendian federatzeko epea. Gaurtik abenduaren 4ra bitartean, Azpeitiko Luba aholkularitzara idatzi beharko da whatsapp mezua (621 15 38 20) edota lubafederatuak@gmail.com helbide elektronikora idatzi, federatu nahi denaren izen-abizenak eta aldaketak adieraziz.

Aldaketarik ezean, aurten ere iazko egoera berean federatuko dituzte herritarrak, eta hari dagokion kuota kobratuko diote. Hori hala, federatu txartelean agertzen diren estaldurak behar bezala begiratzeko eskatu die Anaitasunak federatuta dauden herritarrei. 2026. urtean aurrenekoz federatu zirenek, berriz, kontu korronte zenbakia zehaztu beharko dute 2027. urteko lizentzia berritzeko. 

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide