Balentria heorikorik egin gabe, baina zelaian gogotik gozatuta eta maila ona erakutsita agurtu du Anaitasunak Espainiako Errege Kopa. Gorritxoek 1-6 galdu dute Alavesen aurkako kanporaketa Txerloia futbol zelaian, 1.400 zaleren babesean. Erraldoiak ere erortzen dira zioen Anaitasunako zaleek Txerloian zintzilikatutako pankarta batek, Lehen Mailako aurkariari keinu eginez. Alaveseko erraldoiak ez dira jauzi gaurkoan, baina erraldoien pare aritu da Anaitasuna, lehen zatian batez ere.
Babazorroek nagusitasuna erakutsi dute partidako bigarren zatian, baina Azkoitikoek ahal beste eutsi diote azken minutura arte. Gorritxoen zaleek ez dute hutsik egin; etengabekoak izan dira oihuak eta animoak harmailetan. Jendez bete da Txerloia, baita Azkoitiko klubak Errege Kopako kanporaketarako espreski jarritako harmailak ere. Aulki horietan hartu dute leku Arabatik etorritako zale zuri-urdinek, eta etenik gabe animatu dute Alaves, kantuz eta oihuz. Azkoitiak, bere aldetik, hunkituta eta grinatsu hartu du gaurko hitzordu berezia; izan ere, ez da egunero Lehen Mailako aurkarien kontra jokatzeko aukera izaten. Ricardo de Burgos Bengoetxea epaile bilbotarrak zuzendu du partida.
Jokalariak zelaira atera eta bi taldeen ereserkiak entzun ostean, omenaldien unea izan da. 2020ko abenduan Getaferen aurka Errege Kopa jokatu zuen Anaitasunaren taldeak aitortza jaso du partida hasi aurretik. COVID-19aren eraginez ezarritako mugak tarteko, Anaitasunaren eta Getaferen arteko partidan ez zen jarraitzailerik izan Txerloiako harmailetan, eta talde hartako kideek, jokalariek nahiz talde teknikoak, klubaren omenaldia jaso dute gaurkoan. Omenduak banan-banan atera dira zelaira, Anaitasunako eta Alaveseko jokalariek irekitako bidetik, zaleen txalo zaparrada artean. Markel Eskurtzak, 2020an kapitaina zenak, egin du ohorezko sakea. Orduan hasi da gaurko abentura.
Lehen zatian aukerak ugari, asmatu gutxi
Anaitasunaren hamaikakoan, 11 azkoitiar zelairatu dira lehen zatian, den-denak etxeko jokalariak. Loren Barbadoren mutilak erasoan hasi dira lehen unetik, eta hainbatetan iritsi dira Alavesekoen atera. Jaurti bai, baina asmatu ez. Etxekoek sendo eutsi dute lehen zati osoan zehar, zenbait unetan nagusitasuna erakutsiz, baina partidako lehen gola babazorroen eskutik iritsi da, 28. minutuan. Kontrako golak ez ditu kikildu Anaitasunakoak, eta bizpahiru kontraeraso egin dituzte minutu gutxiren barruan; golik ez, ordea. Kontrara, Alavesekoek izandako aukera apurrak probesteko gaitasuna izan dute, eta bigarren gola bandatik egindako jokaldiaren ondotik iritsi da 37. minutuan, Mariano Diazen erdiratzeari esker.
Gutxi iraun du 0 eta 2ko emaitzak markagailuan, lehen zatia amaitu baino lehen iritsi baita etxekoen lehen poza. Jokaldi bikain baten ostean, Carlos Juaristiren golak (44’) piztu du Txerloia. Azkoitiarrak sartutako golarekin borobildu dute Espainiako Errege Kopako lehen kanporaketaren lehen zatia.
Bigarrena, maldan gora
Bigarren zatiari ekin bezain pronto iritsi da Alavesekoen lehen erasoa, baina geldialdi ederra egin du Alain Sudupek. Gutxi iraun du barealdiak, ordea. Markagailuan 55 minutu zirela sartu du talde arabarrak hirugarren gola. Miguel Rodriguezek egin du hirugarrena, eta jarraian iritsi da laugarrena, Mariano Diazek egindakoa (57’). Eta horrela, bata bestearen atzetik iritsi dira hurrengo biak. Sei, denera.
Kontra jasotako golek eragin dute Anaitasunako jokalariengan, eta azken erdian kostata aritu dira borrokan, defentsa lanetan batez ere. Alavesek izan du baloia jabetzan, eta Anaitasunakoen atetik gertu ibili dira denbora luzez. Gorritxoen zaleak saiatu dira jokalariei babesa agertzen, baina markagailuko emaitzak asko baretu du harmailetako giroa. Ametsa bizita, baina garaipena lortu gabe bukatu du Errege Kopako abentura Anaitasunak.
(Argazkiak: Arnaitz Rubio Aprea)