Oroimenaren Nazioarteko Eguna da gaur, azaroak 10, eta Azkoitiko Udalak deituta, ekitaldia egin dute Intsausti parkean dagoen Oroimenean eskulturaren ondoan, herriko biktima guztiak gogoratzeko asmoz.
Ana Azkoitia alkatea buru zela, EAJren, EH Bilduren zein Azkoitia Bairen udal ordezkariak bildu dira zenbait herritarrekin batera, eta bost minutuko elkarretaratzea egin dute biktimen alde. Amaitzeko, Azkoitiak lore eskaintza egin die haiei.
Zarautzen ere gogoan
Azkoitiko Udalak ez ezik, Zarauzkoak ere indarkeria mota desberdinetako biktimak gogoratzeko eta omentzeko jarduerak antolatu ditu datozen egunetarako. Alde batetik, gaur Karpeta urdinak dokumentala ikusi ahal izango da udaletxeko pleno aretoan, 19:00etan. 2022. urteko dokumentala da, Ander Iriarte zinemagileak zuzendua, eta 1960 eta 2014 urteen artean Euskal Herrian izandako tortura eta tratu txarrak ikertzen ditu.
Bestetik, igandean, elkarretaratzea egingo dute Arrosategi parkean, 12:00etan. Bertan, Memoriaren Zuhaitzaren inguruan ekitaldi bat egingo dute Zarauzko biktima guztiak aitortzeko. Udala osatzen duten talde guztiek parte hartuko dute bertan, eta adierazpen bat irakurriko dute. Jarraian, bertaratutakoek bost minutuko isilunea egingo dute biktimak omentzeko. Azkenik, lore eskaintza egingo da eta Memoriaren liburuan sinadurak jasoko dituzte.