Sei urte eta gero, Anaitasunak kopan du gaur hitzordua. Anaitasunak eta Alavesek Espainiako Errege Kopako lehen kanporaketa jokatuko dute Txerloian, 19:00etan hasita. Partida bakarrera jokatuko dute lehia, eta hori hala, Txerloiak hitzordu handietan bezalako itxura hartuko du. Jokalariak hauspotzeko 1.400 zale inguru elkartuko da herriko futbol zelaian, inoiz ez bezalako jarraitzaile kopurua. Lehen Mailako Ricardo de Burgos Bengoetxea epaile bilbotarrak zuzenduko du partida.
Azkoitiarrentzat eta kluba osatzen duten kide guztientzat gaurkoa ez da edonolako eguna; Alaves bezalako talde handi bat mendean hartzea dute amets gorritxoek. Bi taldeen arteko maila desberdintasuna agerikoa den arren, Anaitasunak duen kemen guztiarekin ekingo dio erronkari. Babazorroen aurkakoa jokatzeko bi astez itxaron behar izan badute ere, kanporaketa jokatzeko duten ilusioa barren-barrenean dute jokalariek, eta zaleek lagunduta, balentria heroikoa gauzatzea dute xede.
Kontrara, Gasteizkoek ez dute gaur ezustekorik nahi, eta serio ekingo diote neurketari. Ander Guevara jokalariak adierazi duenez, beren taldearentzat "txapelketa berezia" da kopa, eta Anaitasunaren aurkakoa "ilusioz" hartuko dute. Nolanahi ere, kopa txapelketako neurketak partida bakarrera erabaki ohi dira, eta hori hala edozein xehetasunek baldintzatu ahalko ditu talde baten edo bestearen asmoak.
Kalejira, plazatik zelaira
Hooligans Anai taldeak deituta, partida baino lehenago hasiko dira zaleak herria girotzen; izan ere, kalejira egingo dute Anaitasunako zaleek herriko plazatik Txerloia zelairaino. 17:45ean abiatuko da plazatik zaleak bilduko dituen eta partidaren aurretik giroa berotuko duen kalejira hori. Klubak, gainera, deialdi berezia egin die bere jarraitzaileei; Txerloia gorriz janztea du xede klubak. Historiako egunik berezienetako batek merezi duela aintzat hartuta, zaleei taldeko kamiseta, bufanda edota bandera eramateko eskatu die taldeak.
Txerloia ingurua itxita
Espainiako Futbol Federazioaren aginduz, Txerloia inguruko sarrerak itxi egingo dituzte ibilgailu partikularrentzat 16:00 ingurutik partida hasi bitartean. Azkoitiko Udaltzaingoa futbol zelaiaren inguruko sarrerak kontrolatzen egongo da, bai San Juan futbol zelaiko biribilgunean, bai saihesbidetik Txerloia auzorako sarbidean. Baimenduek bakarrik izango dute futbol zelaiaren ingurura ibilgailuekin sartzea.
Futbol zelaiaren inguruko eremua larrialdi zein segurtasun arloko zerbitzuentzat, bi taldeetako ordezkarientzat eta partida zuzenean eskainiko duen telebista ekoiztetxearentzat gordeko dituzte. Hori hala, Azkoitiko Udaltzaingoak partida ikustera doazen herritarrei oinez joateko gomendioa egin die. Txerloia auzoan dauden lantegietako langileek ere autoak erretiratu beharko dituzte 16:00etarako.