'Zugatik' singlea kaleratuta, bueltan da Bulego musika taldea

Ihintza Elustondo

Sorkuntzarako urtebeteko etenaldia egin ondoren, Zugatik singlea argitaratu du gaur Azkoitiko laukoteak. Iraupen luzeko beren hirugarren lana izango den Amore diskoaren lehenengo aurrerapena da kanta, eta lan osoa 2027ko urtarrilaren 12anargitara emango dutela iragarri dute.

Bulego musika taldeak Zugatik singlea kaleratu du gaur, astelehena, eta lan hori entzungai jartzearekin bat, Amore izeneko disko berria 2027ko urtarrilaren 12an argitaratuko duela iragarri du. Azkoitiko taldearen hirugarren albumaren lehen aurrerapen kanta da gaur argitaratu dutena, eta hainbat plataformatan dago entzungai. Abesti berri hori taldeak Bilboko Euskalduna jauregian eskaini zuen azken kontzertu sortaren urteurrenean iritsi da; zuzeneko emanaldiak nahiz agerraldi publikoak eten eta sorkuntzan murgiltzeko geldialdia egin zuenetik urtebete betetzen den une zehatzean, hain zuzen ere.

Azken hamabi hilabeteotan, musikari azkoitiarrak hainbat diziplinatako profesionalekin aliatu dira —hala nola psikologia edota musika ekoizpeneko adituekin—, soinu aukera berriak ikertzeko, estruktura narratiboak garatzeko, konposatzeko eta esploratzeko. Bilaketa horren fruitua da Amore. Greziar antzerki klasikoko elementuak oinarri hartuta, lan berriak maitasunaren fase desberdinak zeharkatzen dituen pertsonaia baten istorioa kontatzen du kronologikoki ordenatutako hamabost kanturen bitartez. Bulegok jakinarazi duenez, Zugatik singleak "disko berriaren abiapuntu emozionalean" kokatzen du entzulea: erakarpenean.

Tom Lizarazuk konposatutako abestia Stefano Maccarronerekin (Rigoberta Bandini, Mendetz...) batera ekoitzi dute Bulego taldekoek, eta kanta taldearen paisaia musikal berriaren lehen lagina da. Laurogeiko hamarkadako synthpopa esploratu du taldeak; hala, garai hartan ohikoak ziren sintetizadoreak eta erritmo kutxak berreskuratu dituzte, eta soinu horiek berrinterpretatu, ikuspegi garaikide batetik.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide