Ertzaintzak 57 urteko gizon bat atxilotu zuen atzo Azkoitian, indarra erabiliz enpresa batean lapurreta egitea egotzita. Iturri horren arabera, pabiloi berean dagoen beste enpresa bateko langilea izan zen atxilotutakoa, eta hango azpiegituretara sartzeko giltza batzuk zeuzkan.
Poliziek 20:00etan jaso zuten abisua, Azkoitiko enpresa bateko alarma sistemak pertsona bat hara sartu zela detektatu ondoren. Kalean zebilen patruila auto bat industrialdera joan zen abisua egiaztatzera, eta gizon bat aurkitu zuen lantegiaren instalazioetan, Ertzaintzak berak azaldu duenez. Haren arabera, identifikatu zutenean ostu nahi zituen "hainbat erreminta eta gauza" zituen poltsa batean.
Ertzainek atxilotu egin zuten gizona, lapurreta egitea eta legearen aurka erabilitako giltzez bidegabe jabetzea leporatuta. Gaur Azpeitiko Guardiako Epaitegiaren eskuetan jarri dute atxilotutakoa.