Txalkor txistulari taldeak antolatuta, Euskal Herriko hainbat txokotako dultzaineroak Azkoitian elkartu dira gaur goizean Azkoitian, bosgarrenez ari baitira ospatzen dultzaineroen topaketa herrian. Guztira, hango eta hemengo 70 bat musikarik egin dute bat egitasmoaren barruan, eta dultzaina doinuek ez ezik, gaitarenak zein danborrarenak ere ozen entzun dira kaleetan. Ekitaldien artean, gainera, Manuel Sudupe Montte Martirietako dultzainero ezaguna omentzeko tartea ere hartu dute.
Azkoitiko dultzaineroek, Garesko Zubi Ondo gaiteroek, Debako gaiteroek, Hernaniko dultzaineroek, Itziarko Kuadrillak eta Xirolarrua taldeak parte hartu gaurko topaketan. Aurrena, kalejira egin dute Oteiza pilotalekuetan hasita, eta besteak beste, herriko plaza, Berdura plaza, Balda plaza eta Plazaberri girotu dituzte hainbat piezarekin.
Eguerdian, berriz, Kontzejupean bildu dira guztiak, eta han Montteri omenaldia egin diote Txalkorrek zein udalak. Martirietako izen bereko baserriko sendia aski ezaguna da dultzainaren munduan, eta musika tresna hori "monttetarren lehengo estiloan" jo duen dinastia horretako azken dultzaineroa da Sudupe. Horregatik eta musikariak dultzainari erakutsitako dedikazio handiagatik jaso du hark aitortza, pozik, hunkituta eta esker oneko.
Arratsaldean jarraituko du Azkoitiko Dultzaineroen V. Topaketak, baina oso bestelako giroarekin. Izan ere, Elkarguneko Herriko Plaza aretoan elkartuko dira parte hartzaile guztiak 17:00etan, eta han igaroko dute arratsaldea, "elkar ezagutuz" eta musika joz. Musikariek barrualdean igaroko dute, beraz, arratsaldea, baina edonork izango du hara joateko aukera.