Azken urteetan Pazko asteko larunbatean egin izan den haurren danborradak data berria izango du hurrengo urtetik aurrera, Tata danborrada elkarteak zein Azkoitiko Udalak hala erabaki ondoren. Danborradak izaten duen erantzunari aurre egiteko abiatutako prozesu baten baten ondorioa izan dela azpimarratu dute biek ala biek, eta eman dute danborradaren data berria ere: aurrerantzean, ekaineko aurreneko larunbatean egingo dutez, arratsaldez. Datorren urtean, ekainaren 5a egokitzen da egun hori.
Danborrada antolatzen duen Tata elkarteak adierazi du hausnarketa prozesu bat jarri duela aurten martxan, umeen danborradan hobekuntzak egiteko asmoz. Izan ere, azken urteetan, desfileak parte hartze "apala" zuela azpimarratu dute horiek, eta egoerari buelta emateko asmoz hainbat ate jo dituzte: batetik, inkestak prestatu dituzte batez ere gurasoen iritzia jasotzeko, eta bestetik, haurren danborrada ospatzen duten inguruko herrietako lan egiteko modua ere ezagutu nahi izan dute.
Antolatzaileen esanetan, prozesu horren emaitza da umeen danborrada dataz aldatzea: "Guraso askok eskatzen zuten Pazko asteko larunbatetik beste data batera pasatzea. Izan ere, jende ugari oporretan izaten da data horietan eta, nahi arren, ezin izaten zuten danborradan parte hartu", esan dute. Horren aurrean, hitzordua ekaineko aurreneko asteburura, larunbat arratsaldera, atzeratzea erabaki dute Tatak zein udalak. Data berri hori egokitzat jo dute antolatzaileek, hainbat arrazoirengatik: besteak beste, asteburu horretako igandean Azkoitian Herri Jaia ospatzen dute, eta umeek krosa ere jokatzen dute egun horretan bertan. Horrenbestez, ekaineko lehenengo asteburua "umeei zuzendutakoa" izatea irudikatzen dute erakundeak zein elkarteak.
Data berria orain eman badute ere, danborradaren hitzordu berriaren inguruko xehetasun gehiago aurrerago emango dituztela adierazi du Tata elkarteak.