Maite Lopez idazle azkoitiarrak Oren hilak poema liburua aurkeztu du gaur, ostirala, Donostiako Udal Liburutegiko Mandasko Dukearen aretoan. Balea Zuria argitaletxearekin kaleratu du Lopezek bere azken lana, eta alboan izan du argitaletxe horren sortzaileetako bat den Felipe Juaristi idazle azkoitiarra. Lopezek gaur aurkeztu duena bere lehen sormen lana da, bere-bereak diren poemekin ondu duen lehen poesia liburua.
Maitasunak sor ditzakeen minetatik, zaurietatik eta urruntzetik abiatuta, askotariko gaiak jorratu ditu idazle azkoitiarrak bilduma berrian, hala nola denbora, desioa, bizitza, bakardadea, patua, erabakimena eta askatasunaren mugak. Lopezen esanetan, bere lana ez da "originala"; poesia oro bezala, eta berak landutako gaiak "unibertsalak" direla adierazi du. Nolanahi ere, hura ontzeko erabili duen estiloa "desberdina" edo "ezohikoa" izan da. "Urteek ematen didaten pisuari edo zamari esker ondutako poemak dira".
Mundu klasikoaren zale, antzinaroa eta garaikidea uztartu ditu Lopezek liburuan, bata besteari lotuta, pertsonen barruan bizi diren piztiak otzantzeko asmoz. "Borgesek esan zuen poesia minetik jaiotzen edo sortzen dela, eta bat egiten dut berarekin; niri askoz gehiago kostatzen zait poema alaiak egitea, poema tristeak edo malenkoniatsuak baino. Alai nagoenean ere ez zait horrenbeste ideia ateratzen; zoritxar pixka bat behar da poesia pixka bat ateratzeko, eta hori jaso dut liburuaren ere".
Hori esatearekin bat, azkoitiarrak bere lanaren izenburuari erreparatu dio: Oren hilak. "Izenburu hori jarri nion liburuari, batetik, poetikoa iruditzen zitzaidalako, eta bestetik, hitz jolasa egitearren. Orena eta oroimena oso hurbil daude, denbora eta akordua bezala. Oro har, denborari buruzko poemak dira, eta hortik dator izenburu hori". Hain justu, Lopezek esan du bere poemek "lotura zuzena eta berezia" dutela denboraren eta memoriaren artean.
Gainera, astiaren eta denboraren arteko desberdintasunak mahai gainean jarri ditu egileak, horiei buruz hausnarketarako bidea zabaltzeko. "Denbora izan arren, astirik ez dugu izaten askotan. Hori da, batez ere, Oren hilak liburuak aldarrikatu nahi duena. Pentsatzen jarrita, noiz izaten ditugu oren hilak? Bada, normalean, zerbaiten zain gaudenean. Ordu hilak edukitzeko, ordea, bizirik egon behar dugu, eta kontziente izan zer denbora dugun eta hori zertarako erabiltzen dugun".
Idazle azkoitiarraren poema liburu horrek, gainera, epaimahaiaren aipamen berezia jaso zuen iaz Kutxa Fundazioak antolatutako Irun Literatura Sarien poesia modalitatean, indar poetikoagatik.
Azkoitiar batek besteari
Lopezen hitzaldia baino lehen, Juaristik egin dio hari sarrera gaur, Donostiako Udal Liburutegian. Balea Zuriko idazle azkoitiarraren esanetan, literatura genero guztietan poesia da denboraren joan-etorria, denboraren aurrera-atzerako martxa eta denboraren hiltze-berpizte aldiak ederkien jasotzen duena. "Denbora hil egiten da eta berpiztu ere bai oroimenean. Oroimen biziak denbora bizitzen eta biziarazten du; oroimen hilak ezin denbora gurera ekarri. 'Denbora da gauzarik preziatuena' idatzi zuen Axularrek bere garaian, eta Maitek liburuari ekin aurretik jasotzen du ondo esaldi hori.
Haren esanetan Lopezek "asko" daki tradizio literarioaz, hura klasikoen artean ari baita osatzen ibilbide literarioa. "Poesian, beste generoetan ez bezala, denbora ez da aurrera joaten; gehienetan atzera egiten du, han galdu denaren bila. Nork ez du behin-edo bizitzan atzera joan nahi izan? Denbora joana ezin da berriro ekarri, oroimenaren bidez ez bada. Horregatik da poesia oroimenarekin lotuen dagoen generoa".
Balea Zuriko ordezkariak denborak duen balio preziatuari egin nahi izan dio keinu, Lopezek idatzi duen lanari argia emateko. "Denboraren atzetik ibiltzen gara gure mundu honetan, ez dugu astirik aurrean dugunari erreparatzeko, eta ihes egiten du. Oso arin dabil denbora, eta guk ezin bera harrapa, poesian izan ezik. Poesiak denbora pausatzen du, edo denboraren irudia geldirik eta lasai uzten du Maitek idatzi duen liburuak".
Oren hilak liburuaren egileak irakurleari denbora eskaintzen diola nabarmendu du Juaristik, eta hori baieztatzeko irakurri Lopezek liburuan jasotako ongietorriko testua: "Ez kezkatu nik emango dizut, zabaldu eskuak; tori denbora. Baldintza bakarra, ez begiratu atzera, atzera begira geratzen dena gasezko irudia bihurtzen da eta".