Nerea Ariznabarretaren ipuinak gertutik jarraitu dituzte umeek liburutegian

Andoni Elduaien

Ariznabarreta, atzo, umeei ipuina kontatzen. (Aizkibel liburutegia)

HH 5, LH 1, LH 2 eta LH 3 mailetako dozena bat haurrek parte hartu dute Ariznabarretak liburutegian eskaini duen ipuin kontaketan. Datorren astean zientzia eta teknologia tailerrak eskainiko dituzte Elhuyarrekoek, eta oraindik eman daiteke izena. 

Nerea Ariznabarretak ipuin kontaketa saio eskaini zuen atzo, osteguna, Aizkibel liburutegian. HH 5, LH 1, LH 2 eta LH 3 mailetako dozena bat haurrek parte hartu zuten ipuin kontalariaren hitzorduan. Ariznabarretaren kontakizunak adi-adi jarraitu zituzten haurrek, eta parte hartzeko garaia iritsi zitzaienean, gogotsu parte hartu zuten.

Dena den, atzokoa ez da izan Aizkibel liburutegian hil honetan izango den hitzordu bakarra; izan ere, datorren astean 7 eta 12 urte bitarteko umeentzako zientzia eta teknologia tailerrak egingo dituzte han. Elhuyarrekoek bi saio eskaini dizkiete haurrei: asteartean, elektrizitateari buruzko tailerra egingo dute, eta ostegunean, animalien basoko aztarnen ingurukoa. Bi saioak 18:00etatik 19:30era izango dira.

Elektrizitate tailerrean arlo horri dagozkion oinarrizko kontzeptuak ezagutuko dituzte haurrek. Era berean, erronka eta esperimentu praktikoen bidez, material eroaleak, patata elektrikoa zein paperezko zirkuitu elektrikoak landuko dituzte. Basoko aztarnak izeneko tailerraren bidez, berriz, basoko animalien aztarnak identifikatzen eta interpretatzen ikasiko dute umeek, eta animalia baten oinatza egingo dute material termopolimeroa erabiliz.

Interesa dutenek datorren asteazkenera arteko epea izango dute bi tailerretan izena emateko. Horretarako, liburutegira joan beharko da, edo hango 943-85 08 98 telefono zenbakira deitu. 

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide