Maria Jesus Lopez Sosoaga Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko Adiskide Numerario izendatuko dute zapatuan

Andoni Elduaien

Intsausti jauregian egingo dute ekitaldia, ohi bezala. (Alex Berasategi)

12:00etan hasiko da gasteiztarra Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko Adiskide Numerario izendatzeko ekitaldi irekia. 'Alfonso de Olivares Bruguera, un artista guipuzcoano en la escuela de Paris' izeneko lana aurkeztuko du Lopez Sosoagak jendaurrean.

Euskalerriaren Adiskideen Elkarteak (EAE) Maria Jesus Lopez Sosoaga gasteiztarra Adiskide Numerario izendatuko du etzi, zapatua. Intsausti jauregian egingo dute hura elkarte horretako kide izendatzeko ekitaldia, 12:00etan hasita. Ohi bezala, ekitaldia irekia izango da, eta herritar orok izango du saioa bertatik bertara jarraitzeko aukera.

Pedro Berriotxoa Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko Gipuzkoako lehendakariak egingo die harrera jauregian bildutakoei, eta segidan, Lopez Sosoagak sarrera ikasgaia aurkeztuko du; Alfonso de Olivares Bruguera, un artista guipuzcoano en la escuela de Paris izeneko lana aurkeztuko du hark. Jarraian, Asuncion Urzainki EAEren Adiskide Numerarioak egingo dizkio Lopez Sosoagari harrera hitzak. Amaieran, domina eta diploma entregatuko dizkiote protagonistari. EAEko ordezkariek azaldu dute musika emanaldiak ere izango direla ekitaldian zehar.

Lopez Sosoagak irakasle ikasketak Gasteizko Estibalizko Santa Maria eskolan egin zituen. Ikasketak amaitu zituenean, berriz, Merkataritza ikasketekin batera, irakasle itsu bati laguntzen aritu zen denbora batez. Dena den, oposizioak egin zituen egiteko horiei uztean, eta Banco de Vizcayako langileen parte izatera igaro zen, aurrena Gasteizen, eta ondoren, Donostian. Deustuko Unibertsitatean Historiako ikasketak egin zituen gerora, lizentziatura hiru espediente akademiko onenen artean amaituz. Ordea, ikasketak gehiago zabaldu zituen gasteiztarrak handik urte batzuetara. Deustuko Unibertsitatean Arkeologia praktikak egin zituen Aranzadirekin eta Bibliotekonomia eta Artxibistika ikasketak Eusko Ikaskuntzan. Eusko Ikaskuntzako Euskonews & Media aldizkarian hainbat idatzi argitaratu ditu hark, guztiak Euskal Arteari buruzkoak.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide