Gogoz hasi dira prestatzen sanandresetako danborrada

Ane Olaizola

Azaroaren 21ean izango den helduen danborradaren lehen entsegua egin zuten atzo iluntzean Napoleon taldeak, Floreaga ikastetxeko bi taldeek, Xabier Munibe ikastolako bi taldeek, Txintxarrik eta Izarraitzek. Bihar, berriz, pilotarien taldeari, Kalera, Ixkitturri, Aldapa, Zalduntxoak, Belaño eta Izarraitz taldeei egokituko zaie elkartzea. 

Sanandresen bueltako ekitaldiek girotzen dute herria azaroan, eta hil horretan sartzearekin batera hasi dira herritarrak prestatzen festetako hitzordurik garrantzitsuenetakoa; helduen danborrada. Aurten, hilaren 21an izango da danbor festa Azkoitian, eta hango parte hartzaileek atzo iluntzean egin zuten aurreneko entsegua, Gurea pilotalekuan. 

Hamahiru talde arituko dira aurten ere danborrak zein barrikak jotzen: Napoleon taldea, Floreaga ikastetxeko bi talde, Xabier Munibe ikastolako bi talde, Txintxarri, Izarraitz, pilotarien taldea, Kalera, Ixkitturri, Aldapa, Zalduntxoak eta Belaño. Atzo, horietako zenbaitzuk besterik ez ziren elkartu Gurean danborrada entseatzeko, eta gogotsu ekin zieten prestaketei, danborradako pieza guztiak segidan joz. Harmailetan, gainera, ikusleren batzuk ere elkartu ziren. 

Danborradan azken urteetan izaten duen parte hartzaile kopuruaren eraginez, prestaketak bitan banatuta egiten dituzte gaur egun. Hori hala, Napoleon taldeak, Floreaga ikastetxeko bi taldeek, Xabier Munibe ikastolako bi taldeek, Txintxarrik eta Izarraitzek egin zuten atzo entsegua, eta azaroaren 9an eta 16an izango dituzte haiek hurrenak. Bestalde, bihar, azaroaren 10ean —asteartez egingo dute entsegua, hilaren 11rako greba dagoelako deituta— eta 18an, berriz, pilotarien taldeari, Kalera, Ixkitturri, Aldapa, Zalduntxoak, Belaño eta Izarraitz taldeei egokituko zaie elkartzea. 

Azaroko lehen hiru larunbatetan ere izango dira entseguak, baina frontoian aurreikusita dauden ekintza desberdinak tarteko, entseguek ordutegi desberdinak izango dute hiru asteetan: azaroaren 7an, 10:00etatik 11:00etara egingo dute saioa; azaroaren 14an, 11:30etik 12:30era; eta azaroaren 21ean, 10:00etatik 11:00etara.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide