Bihar amaituko da Azkoitiko Udalak eta Azkoitiko Kultur Elkarteak antolatu duten Bizenta Mogel ipuin lehiaketaren 45. aldira lanak aurkezteko epea. Adinez nagusiak diren idazleek izango dute lehiaketan parte hartzeko aukera, eta horiek euskarazko ipuinak sortu beharko dituzte.
Parte hartzaileek lau eta hamar orri arteko ipuinak idatzi behar dituzte, orrialde bakarrean eta tarte bikoitzarekin. Lanek originalak eta inon argitaratu edota saritu gabekoak izan behar dute, halaber. Azkoitiko udaletxera (Herriko enparantza z/g. 20720, Azkoitia) igorri beharko dira ipuinak, izenpeturik, eta horrekin batera, gaitzizen berbera daraman kartazal itxi bat ere aurkeztu beharko da. Kartazal horretan egileak bere datu pertsonalak zehaztuko ditu.
Epaimahaiak 2027ko urtarrilaren 16an hartuko du lehiaketari lotutako erabakia, eta antolatzaileek hiru sari banatuko dituzte: irabazleak 700 euro eta oroigarria jasoko ditu; bigarren sailkatzen dena 500 eurorekin eta oroigarriarekin sarituko dute; eta hirugarrena, 400 eurorekin eta oroigarriarekin.