Umore nazioarteko komedia jaialdiaren barruan, bi emanaldi izango dira Baztartxon

Ane Olaizola

Luis Piedraieta, Goyo Jimenez eta Galder Varas umoregileak eta Sonia Vazque Azkoitiko Udaleko Kultura zinegotzia. (Azkoitiko Udala)

Batetik, Goyo Jimenezek América Forever: The final refrito taularatuko du martxoaren 4an, eta biharamunean, Mikel Bermejo, David Cepo eta David Amor izango dira Azkoitian, Pasa el micro ikuskizunarekin. Sarrerak eros daitezke. 

Umore nazioarteko komedia jaialdia antolatu dute datorren urteko martxoaren 4rako eta 5erako Donostian, eta egitasmoaren egoitza nagusia Gipuzkoako hiriburuan izango bada ere, lurraldeko beste lau udalerritan ere hainbat umore saio izango dira egun horietan; tartean, Azkoitian. 

Atzo aurkeztu zuten Umore jaialdia Donostian, eta han jakinarazi zuten Azkoitiko Udalarekin egindako kolaborazioari esker, Baztartxon ere bi emanaldi izango direla, baita Donostian, Laster-Orian, Irunen eta Tolosan ere. Bakarrizketak, inprobisazioak, galak zein zuzeneko podcastak izango dira jaialdiaren barruan, eta Azkoitian, Euskal Herriko zein Espainiako umoregile ezagunen saioez gozatu ahal izango da: izan ere, martxoaren 4an, Goyo Jimenezek América Forever: The final refrito taularatuko du Baztartxon. Aiguantulivinamérica trilogiaren unerik onenak bilduko ditu han.

Bestalde, hurrengo egunean, Azkoitiko oholtzara igoko dira Mikel Bermejo, David Cepo eta David Amor, Pasa el micro ikuskizunarekin. Inprobisazioa oinarri duen saioa izango da hiru lagunena, gidoia ikus-entzuleak sortuko baitu. Antolatzaileen esanetan, umorezko pasadizorik onenak, obrarik txarrenak eta terapeutarekin ere partekatuko ez lituzketen traumak aterako dituzte emanaldian. 

Jaialdiko emanaldietara joateko sarrerak dagoeneko eros daitezke, hemen.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide