Azaroaren 21ean egingo dute aurten Azkoitian sanandresetako helduen danborrada, eta datorren astelehenean, azaroak 2, hasiko dituzte egun horretarako entseguak. Ohi bezala, Gurea frontoian egingo dituzte hamabi konpainiek festa egunerako prestatzeko saioak.
Azken urteetan danborradak hartu duen dimentsioa tarteko, taldeak bitan banatuta egingo dituzte entseguak, 20:00etatik 21:00etara. Azaroaren 2an, 9an eta 16an, honako talde hauek izango dute entsegua: Napoleon taldeak, Floreaga ikastetxeko bi taldeek, Xabier Munibe ikastolako bi taldeek, Txintxarrik eta Izarraitzek. Azaroaren 4an, 10ean eta 18an, berriz, pilotarien taldeari, Kalera, Ixkitturri, Aldapa, Zalduntxoak, Belaño eta Izarraitz taldeei egokituko zaie entsegua.
Zenbait aldaketa
Antolatzaileek zenbait aldaketa iragarri dituzte aurtengo entsegu egunetarako, azaroaren 11ko greba deialdiak eta frontoian izango diren bestelako hitzorduek eraginda. Nahiz eta bigarren multzoari hiru asteetan asteazkenetan egokitzen zaien entsegua, azaroaren 11rako deituta dagoen greba deialdia dela eta egun bat aurreratu dute hitzordua; azaroaren 10ean egingo dute aste horretako entsegua, 20:15etik 21:00etara.
Azaroko lehen hiru larunbatetan ere izango dira entseguak, baina frontoian aurreikusita dauden ekintza desberdinak tarteko, entseguek ordutegi desberdinak izango dute hiru asteetan: azaroaren 7an, 10:00etatik 11:00etara egingo dute saioa; azaroaren 14an, 11:30etik 12:30era; eta azaroaren 21ean, 10:00etatik 11:00etara.
Antolatzaileek azaldu dute entsegu talde batean zein bestean izango dela konpainia desberdinetako kideek osatutako talde mistoa, eta hori horrela, danborradako parte hartzaileek multzo baten zein bestearen entsegu egunetan izango du entsegura joateko aukera.