Bigarren urtez jarraian, borroka kirolen UGA X Games bigarren jaialdia izango da Azkoitian, Uga kirol zentroak antolatuta. Azaroaren 7an, larunbatez, Gurea frontoian bederatzi borrokaldi ikusteko aukera izango da (17:30). Borrokaldietako bat profesionalen mailakoa izango da, eta beste zortzi, hasiberriak direnen artekoak izango dira.
Profesionalen mailako borrokan, hasiera batean, Aitor Andreu azkoitiarra zen aritzekoa, baina duela egun gutxi izan duen lesio bat tarteko, hark ezingo du borrokan parte hartu. Hori hala, Xegone eta Mendoza arituko dira profesionalen mailakoan nor baino nor gehiago.
Hasiberrien mailako borroketan, berriz, UGAko honako hauek izango dira ringaren gainean: Ekaitz Cuenca Eka, Onintza Kerejeta, Iosu Conde, Aimar Azpiazu, Egoitz Rios, Unai Monasterio Monas, Maialen Urkia eta Aner Aranguren. Zortzi lagun horiek beste talde bateko borrokalariak izango dituzte aurrean. Kerejetak, Urkiak, Condek eta Arangurenek debuta egingo dute. Gainerakoek esperientzia gehiago dute taula gainean, tartean, Ekak; izan ere haren borroka neoprofesionalen mailakoa izango da.
Azaroaren 7ko borrokaldietarako sarrerak dagoeneko salgai daude Uga kirol zentroetan eta Entradium atarian. Aldez aurretik erosten dutenek 20 euro ordaindu beharko dute sarreragatik, eta egunean bertan Gureako leihatilan erosten dutenek, 30 euro.