Sei urte eta gero, Anaitasunak kopan du gaur hitzordua

Andoni Elduaien

Barbado, atzo, Txerloian eskaini zuen prentsaurrekoan. (Andoni Elduaien)

Lehen Mailako talde baten aurka aritzeko aukerak tartean-tartean izaten direla jabetuta, Anaitasuna prest da Alavesen aurkako Errege Kopan duen erronkari ekiteko". Loren Barbado entrenatzaileak taldearen nortasuna agerian uztea nahi du, eta, era berean, lehiakorrak izatea. 1.400 lagunen babesa izango dute gorritxoek harmailetan. 

Iritsi da Anaitasunaren ordua. Sei urteren buruan, Anaitasunak Espainiako Errege Kopan parte hartuko du berriro. Gorritxoek Alavesen aurka neurtuko dituzte indarrak gaur, kopa txapelketako lehen kanporaketan. 19:00etan hasiko da partida bakarrera jokatuko duten kanporaketa, eta hori hala, Txerloiak hitzordu handietan bezalako itxura hartuko du. Jokalariak hauspotzeko 1.400 zale inguru elkartuko da herriko futbol zelaian, inoiz ez bezalako jarraitzaile kopurua. Lehen Mailako Ricardo de Burgos Bengoetxea epaile bilbotarrak zuzenduko du partida.

Loren Barbado Anaitasunako entrenatzaileak atzo arratsaldean eskaini zuen gaurko partidaren atariko prentsaurrekoa, eta han nabarmendu zuen Alavesen aurkako kanporaketa taldean egiten duten "lanari aitortza" egiteko eguna izango dela. "Noizean behin edo bizitzan behin izaten dira horrelako aukerak, eta ekiteko prest gaude", adierazi zuen. Gorritxoen entrenatzailearen aburuz, Anaitasunak gaur "galtzeko gutxi eta irabazteko asko" du. "Bi taldeen arteko aldea handia da; Alaves Lehen Mailako taldea da, eta Anaitasuna Gipuzkoako Ohorezko Mailako taldea. Askoz gehiago dugu guk irabazteko, beraiek galtzeko baino, eta gainera, horrela sentitzen dugu. Etxean jokatzen dugu, gure zaleekin eta ezbairik gabe hori oso positiboa da", esan zuen.

Barbado gogotsu agertu zen gaurko hitzorduan Txerloia bete egingo delako. "Ligako partidetan sentitzen dugu jarraitzaileen babesa, baina Alavesen aurkakoan harmailak jendez lepo egotea espero da, aparteko harmailak jarri eta gero. Sentitzen dugu taldearentzako garrantzitsua dela eguna, baina zaleentzat eta herriarentzat ere partida oso berezia izango da". Klubaren izenarekin hitz jokoa eginez, gorritxoen teknikariak adierazi zuen "garrantzitsua" izango dela taldearen eta harmailaren artean "anaitasuna" lortzea. "Elkarrekin komunitatea egiteko eguna izango da, gozatzekoa. Guztiok elkarrekin futbolaz gozatzeko eta egun ahaztezin bat bizitzeko oso aitzakia ona dugu".

Ezinezkorik ez da

Alavesi zuzendutako hitzak ere esan zituen Errenteriako (Gipuzkoa) entrenatzaileak. Gasteizko taldea liga txapelketan bolada txarrean murgilduta badago ere, Barbadok esan zuen "talde indartsua" dela babazorroena. "Ligako azken partidetan ez ditu emaitza onak lortu, baina ligaren hasieran erakutsi zuen zer egiteko gai den. Iruditzen zait, azkenaldian emaitzek lagundu ez badiote ere, oso talde indartsua dutela eta ideiak oso garbi dituztela, izan baloiarekin edo baloirik gabe. Oso erronka potoloa daukagu". 

Lehia prestatzerakoan, jokoari lotuta jokalariei "bi edo hiru ideia" sustatzen saiatu dira. "Gozatu beharreko eguna da, eta bihotzarekin nahiz emozioarekin jolastu beharrekoa". Hori hala, entrenatzaileak nahi du zelaiaren ikusitakoarekin "pozik" sentitzea eta zelaian "ezagut daitekeen Anaitasuna" ikustea. "Emaitzaz haratago, zelaian taldeak egindako lana identifikatzeko modukoa izatea nahi nuke, baita gure izaera agerian uztea ere. Badakigu zaila izango dela, bi taldeen artean dagoen aldea handia delako".

Kalejira, plazatik zelaira

Hooligans Anai taldeak deituta, partida baino lehenago hasiko dira zaleak herria girotzen; izan ere,  kalejira egingo dute Anaitasunako zaleek herriko plazatik Txerloia zelairaino. 17:45ean abiatuko da plazatik zaleak bilduko dituen eta partidaren aurretik giroa berotuko duen kalejira hori. Klubak, gainera, deialdi berezia egin die bere jarraitzaileei; Txerloia gorriz janztea du xede klubak. Historiako egunik berezienetako batek merezi duela aintzat hartuta, zaleei taldeko kamiseta, bufanda edota bandera eramateko eskatu die taldeak. 

Txerloia ingurua itxita

Gaur Txerloira joateko modurik onena, oinez joatea izango da; izan ere, Espainiako Futbol Federazioaren aginduz, Txerloia inguruko sarrerak itxi egingo dituzte ibilgailu partikularrentzat 16:00 ingurutik partida hasi bitartean. Azkoitiko Udaltzaingoa futbol zelaiaren inguruko sarrerak kontrolatzen egongo da, bai San Juan futbol zelaiko biribilgunean, bai saihesbidetik Txerloia auzorako sarbidean. Baimenduek bakarrik izango dute futbol zelaiaren ingurura ibilgailuekin sartzea. 

Futbol zelaiaren inguruko eremua larrialdi zein segurtasun arloko zerbitzuentzat, bi taldeetako ordezkarientzat eta partida zuzenean eskainiko duen telebista ekoiztetxearentzat gordeko dituzte. Hori hala, Azkoitiko Udaltzaingoak partida ikustera doazen herritarrei oinez joateko gomendioa egin die. Txerloia auzoan dauden lantegietako langileek ere autoak erretiratu beharko dituzte 16:00etarako. 

Erlazionatuak

Ametsa, bigarrenean ere amets

Andoni Elduaien-Aitziber Arzallus-Maialen Etxaniz urr 27, 08:40 Azkoitia

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide