Gizarte isolamendua eta bakardadea hizpide dituen '52 hertz' antzezlana ikusgai etzi, Baztartxon

Andoni Elduaien

Aktoreak, antzezlaneko irudi batean. (Ados Teatroa)

Ados teatroak '52 hertz' antzezlana aurkeztuko du etzi, Baztartxo antzokian. Aukeratu gabeko bakardadeari heltzen dio obrak, eta hura jasaten dutenen istorio laburrez osatuta dago. Antzezlanerako sarrerak Entradium atarian eskuratu daitezke.

Ados Teatroak 52 hertz izeneko antzezlana taularatuko du etzi, zapatua, Baztartxo antzokian (19:00). Azken 35 urteetan Ozeano Bareko hainbat tokitan grabatutako balea urdin batek igorritako soinu bitxi baten frekuentziari egiten dio erreferentzia lanaren izenburuak. Joseba Apaolaza, Ainhoa Aierbe, Dorleta Urretabizkaia, Martxelo Rubio eta Amaia Irazabal aktoreek onduko dute obra.

Baleak kantuen bidez komunikatzen dira elkarren artean, eta kantu horiek, normalean, 10 eta 39 hertz arteko frekuentzietan egoten dira. 1989. urteaz geroztik, ordea, Ozeano Bareko balea urdin batek 52 hertzeko frekuentzia igortzen du soinua. Hori hala, balea horrek ez du gainontzeko baleekin komunikatzeko gaitasunik, 52 hertzeko frekuentzia beste baleen entzumenaren mugetatik kanpo geratzen baita.

Zientzialarien arabera, litekeena da balea hori gorra izatea jaiotzez, eta, hori dela eta, ez du jakin bere kantuak frekuentzia egokian igortzen. Fenomeno hori ezagun egin zenetik, balea hori balea bakarti izendatu dute hainbatek. Hain justu, 52 hertz antzezlana balea bakarti horren metafora bihurtu da, gizarte isolamenduaren sinbolo gisa, eta bakardadea pairatzen ari diren edo jasan duten pertsonen inguruko ikuspegi poliedrikoa eskaintzen du. Balea horren soinuaren oihartzunak alderik alde zeharkatzen du antzezlana, tonu ez errealista batean, irudi poetikoz eta koreografiaz beteta.

Antzezlanerako sarrerak 8 eta 12 euro bitartean ari dira saltzen, eta Entradium atarian eskuratu daitezke. 

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide