Elkartasun Jaialdia antolatu du Azkoitiko Gazte Asanbladak zapaturako

Andoni Elduaien

Azkoitiko Gaztetxearen ataria. 

Antolakuntza espazio propio bat izateko "prozesua guztiz osatu gabe" duela dio Azkoitiko Gazte Asanbladak (AGA), eta Defentsa Komunitatearen Erresistentzia Kutxa indartzeko Elkartasun Jaialdia antolatu dute zapaturako. Goizean eta arratsaldean izango dira ekintzak gaztetxean. 

Zazpi hilabete bete berri dira Azkoitiko Gazte Asanbladak (AGA) Julio Urkixo etorbideko Lidl zaharraren eraikina okupatu eta Azkoitiko Gaztetxea zabaldu zutenetik. AGAk urteak zeramatzan "antolakuntza espazio propio bat" aldarrikatzen, eta gaztetxearen irekiera bidean egindako "urrats garrantzitsua" izan zela aitortu dute.

Gaztetxea hartu arren, AGAk adierazi du ez dutela hura egonkortzeko prozesua "guztiz" osatu. "Espazioa mantentzea, bertan jardun politikoa garatzea eta haren etorkizuna bermatzea ere badagokigu", azaldu du AGAk. Hori hala, datorren zapatuan Elkartasun Jaialdia egingo dute Azkoitiko Gaztetxean, Defentsa Komunitatearen Erresistentzia Kutxa indartzeko. "Jaialdiaren bidez bildutako baliabideek langileen kontrolpeko espazioak mantentzen eta indartzen lagunduko dute, baita haien defentsak eragindako gastuei zein presio ekonomikoei aurre egiten ere", nabarmendu du.

Elkartasun Jaialdiaren bueltan, hainbat hitzordu egingo ditu AGAk, goizean Azkoitiko Gaztetxean, eta iluntzetik aurrera, kalean. 10:00etan, boxeo entrenamendua egingo dute, eta 12:00etan, Gaztetxeen aldeko borroka izeneko hitzaldia eskainiko dute. 13:00etan, berriz, bermuta eskainiko dute musikak lagunduta, eta haren ondoren, 14:30ean, bazkaria egingo dute; otordu horretan parte hartu nahi dutenek 12 euro ordaindu beharko dute. 

Bazkalostean, 16;00etan, jolaserako tartea hartuko dute parte hartzaileek, Kahoot jolasa zabalduko dute-eta gaztetxean bildutako lagunen artean. Elkartasun Jaialdiaren egitaraua ixteko, 19:00etan, bertso poteoa egingo dute Dean tabernatik abiatuta. 

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide