Duela hilabete eskas, irailaren 25ean, zendu zen Gasento Oñederra azkoitiarra. Hilabete geroago, bere lagunek hura omentzeko eguna antolatu dute biharko. Imanol Aleson, Mikel Sasiain, Jexux Etxeberria eta enparauak aritu dira omenaldi ekitaldia antolatzeko lanetan buru-belarri, baita Miel Larrañaga (Azkoitia, 1967) ere. Goizean goiz hasi eta egun guztian zehar oroituko dute Oñederra haren lagunek, txirrindulariek eta etxekoek.
Larrañagak azaldu du Oñederra nortasun ugari zituen pertsona zela: "Gasento asko zituen Gasentok: San Martingo karreristie deitzen zioten, grazia edo txispa zuen, inork izan zezakeen lagunik onena zen, etxeko aingerua... Orain esaten den moduan, Gasento crack bat zen, zentzu guztietan". Hitz batekin definitzekotan, ordea, Larrañagak "artista" zela esan du. "Betidanik izan zen artista hura. Gogoan dut txiki-txikitan ere ondo moldatzen zela marrazten. Mafalda ez bazen, Asterix eta Obelix marrazten zituen... Sormen handia zuen, eta esango nuke sortzeko zuen gaitasun hori guztia azaleratzea behar izaten zuela", gogoratu ditu lagunak Oñederraren jarduerak.
Larrañagak nabarmendu du Oñederrak Zumaiarekin harreman "berezia" zuela; izan ere, han hasi zuen txirrindulari ibilbidea. Gazte mailan heldu zion Oñederrak bizikletari. "Talaipe taldean hasi zen aurrena, eta gero Gurelesa taldera igaro zen. Gainera, Zumaiako triatloia antolatzen ere jardun zuen. Oro har, hartu-eman oso handia izan zuen Zumaiarekin". Gero, Oñederra txirrindulari profesionala izatera ailegatu zen; hiru urtez korritu zuen goreneko mailan. 1987 eta 1988 urteetan, Fagorreko taldekidea izan zen, eta 1989an, Helios-Colchon CR taldekoa.
Ordea, diziplina askotan aritu zen Oñederra, tartean baita hedabide honetako kolaboratzaile lanetan ere; Maxixatzen Azkoitiko herri aldizkarirako hainbat bideo grabatu eta argazki bilduma osatu zituen, proiektuari babesa emanez. "Zenbat ordu igaro ote zituen Gasentok bideoekin-eta lanean, kafea hartu eta hartu", dio Larrañagak. Horrez gain, herriko eta inguruko artista askori lagundu zien Oñederrak beren ibilbideko lehen urratsak egiten.
Festa kutsuko omenaldia
Omenaldia "txikia eta arrunta" izango dela aurreratu dute antolatzaileek, baina Oñederrak merezi zuela azpimarratu du haren lagunak. "Halako omenaldi bat inork merezi bazuen, hori Gasento da. Asko eskaini dio familiari, herriari... Beroan egin nahi izan dugu kontua; tanatorioan elkartu ginen lagunok geure artean komentatu genuen, Gasentori omenaldi kutsuko ezer ez bagenion egiten, egundoko pena izango genuela gerora, eta hala, eguna antolatu dugu".
Goizean, bizikleta gaineko martxa egingo dute Azkoitia eta Zumaia artean. 10:00etan Azkoitiko plazatik irtenda, Zumaiara joango dira hainbat txirrindulari, batzuk errepidez, eta beste batzuk, bidegorritik. Zumaiara iritsitakoan, berriz, omenaldi ekitaldia egingo dute; Oñederra eta bidean galdutako jende ugari izango dute gogoan, hala nola Pello Elorza, Jokin Ormaetxea eta Jose Antonio Oñederra. Talaipe aurrean elkartuko dira guztiak 11:00 inguruan, eta Urola ibaiko eta Kantauri itsasoko urek bat egiten duten lekuan loreak botako dituzte uretara.
Nolanahi ere, omenaldi ekitaldia ez dute Zumaian bakarrik gauzatuko; izan ere, eguerdi alderako Azkoitira itzuliko dira berriro, eta aurrena, mokadua egiteko aukera eskainiko dute Kontzejupean. Txirrindulari giroko ukitua emango diote udaletxe azpiko frontoiari. "Txirrindularitzaren munduko festatxo bat egitea nahi dugu, hala geure munduan murgiltzeko".
14:30ean, azkenik, bazkaria egingo dute Azkoitiko Plaza Ondo jubilatuen tabernan. 75 lagunetik gora elkartuko dira bazkaltzeko. Besteak beste, Gasentorekin batera profesional mailan korritu zuen jendea izango da omenaldian, Once zein Gurelesa taldeetan ibili zirenak eta. "Profesionalak izandakoak ez dira asko izango, baina omenaldian izango dira bakarren batzuk. Oro har, gure inguruko jendea, aspaldiko lagunak, bizikletaren bidez harremana egindakoak, etxekoak, kuadrilla. Deialdi irekia egin genuen, Gasento sentitzen edo estimatzen zuen orori lekua egiteko".
Bidaiak ez dira amaitzen azken pedal kolpeekin, ezta itsasora iristen diren uretan ere. Bidaia orok uzten du bere arrastoa, eta Oñederrak ere berea utzi zuenez, ezagutu zuten "Gasento hura berreskuratzen" saiatuko dira bihar haren gertukoak.