Urola ibaia behatuko dute Asteklimaren azken saioetan

Ane Olaizola

Urola ibaia, Azkoitiko eliz ataritik. (Andoni Elduaien)

Urolako landare inbaditzaileen inbentarioa eta ekintza plana aurkeztuko ditu Aranzadik gaur Elkargunean. Bihar, uraren kalitatea aztertuko dute ibaian bertan.

Herritarrak naturara gerturatzea eta bioaniztasunaren zein klima aldaketaren inguruan sentsibilizatzea helburu duen Asteklima Euskadiko Klima eta Energiaren Astea hondarrera iristen ari da Azkoitian, eta egitasmoa ixteko, Urola ibaiaren egoerari erreparatuko diote: batetik, ibaian hazten diren landare inbaditzaileez ariko dira gaur, eta bestetik, ibaiko uraren kalitatea aztertuko dute bihar.

Aranzadi zientzia elkarteak Urola ibaiko landare inbaditzaileen azterketa egin du Azkoitiko Udalak hala eskatuta, eta horien inbentarioa zein horiei aurre egiteko proposatutako ekintza plaza aurkeztuko ditu gaur Elkarguneko Oteiza aretoan, 18:00etan. Udalak jakinarazi duenez, Aranzadiko ikerlariek joan den udan gauzatu zuten landa lana Urolak Azkoitia zeharkatzen duen eremuan, eta ibai zati horren bazterretan dauden landareak identifikatu zituzten. Aranzadiren txostena esku artean, udalak azaldu du hogei espezie inbaditzaile detektatu dituztela Urolan, inguru osoan "oso hedatuta".

Udalak azpimarratu duenez, landare inbaditzaileek "oso erraz" hartzen dute lekua, besteak beste, azkar ugaltzen direlako; orduan, inguruan bizi diren beste landareei "konpententzia" egiten diete. Erakundearen arabera, ibaiaren ekosistemak berebiziko garrantzia du landare inbaditzaileak sortzerakoan, eta gizakiak ibaia eraldatu izanak ere eragin zuzena du horretan: "Ekosistema ondo zainduta eta berezko landaretza naturala osasuntsu badago, landare inbaditzaileak ez dira sartuko. Aldiz, guk eraldatutako eremua egoera txarrean edukitzeak ahalbidetzen du landare inbaditzaileak errazago sartzea eta espazioa beraientzat hartzea", esan du Naiara Corcuera Ingurumen teknikariak. Haren arabera, gaur egun Urola ibaiaren "ertz osoan" ikus daitezke landare inbaditzaileak, baina tokiko landareez osatutako "leku asko" ere badaudela azaldu du.

Bestalde, landare inbaditzaileen artean arreta berezia jarri diete "arrisku berezia" duten honako bost espezieei: sasiakazia, banbu japoniarra, topinanbua, panpa belarra eta budleja edo tximeleten zuhaixka. Udalaren arabera, inbaditzaile izateko "potentzial handia" dute bost espezie horiek, bertako landaretza desplazatzen dutelako eta ez dutelako uzten berezko ekosistema berreskuratzen. "Horiek sartuz gero, oso zaila da kentzea", ohartarazi du Corcuerak, eta datu bat ere eman du, Aranzadik egindako ikerketa oinarri hartuta: "Bost espezie horiek gutxienez lau hektareako azalera hartzen dute Urola ibaiaren Azkoitiko eremuan". Horrenbestez, udalak espezie horiek kentzeko lanetan egingo du saiakera handiena, eta gainontzeko espezieekin, berriz, "elkarbizitzeko ohitura" hartu beharko dela adierazi du. Egoeraren aurrean, landare inbaditzaileak kendu eta autoktonoak landatzeko asmoa azaldu du teknikariak, ibaiak bere berezko ekosistema berreskura dezan. Izan ere, egoera "kontrolpean" izatea ezinbestekoa izango du erakundeak, aurrera begira, arazoa handitu ez dadin. "Egoerari buelta ematea posible da hainbat lan eginda. Gaur egun ikus dezakeguna ez da atzera bueltarik gabeko inbasio bat. Garaiz gaude", esan du Corcuerak.

Ura, animalien eskutik

Ibaitik urrundu gabe, oso bestelako saio bat ere egingo dute bihar arratsaldean Asteklimaren barruan. Izan ere, Urolaren ura aztertuko dute egitasmoa ixteko, eta tailer praktiko moduan egingo dute hori. Hau da, ibaira bertara sartuko dira ekintza horretan parte hartzen dutenak, eta han bizi diren animaliak behatuz jakingo dute zer kalitate duen ibaiko urak: "Uraren kalitatea jakiteko adierazle biologikoak dira animalia ornogabeak; esaterako, harrien azpian egoten diren zomorroak. Uretan agertzen diren animaliak ikusita, jakingo dugu uraren kalitatea ona, hobetu beharrekoa ala txarra den. Horrez gain, ibaian dauden hegaztiak zein arrainak ikusiko ditugu, amaieran ondorioak ateratzeko". Dibulgazio saioa izango da biharkoa, herritarrak sentsibilizatzea helburu duena. "Polita da ibaira jaistea, ura ukitzea eta manipulatzea". Gainera, helduentzako ez ezik, familientzako saioa ere badela azpimarratu du teknikariak: "Ibaian autonomiaz ibiltzeko gai direnentzat aproposa da".

Laia kooperatibako eta Izadi 21eko kideek gidatuko dute Asteklima itxiko duen saioa. Jausoroko berdegunean elkartuko dira haiek herritarrekin, 17:30ean. Ondoren, ibaira jaitsiko dira, eta Urola hazita badago, Txalonerrekatik igarotzen den errekara jaitsiko direla aurreratu dute. Antolatzaileek herritarrak animatu dituzte saioan parte hartzera.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide