Zuhaitzak eta arbolak Euskal Herrian liburua aurkeztu zuten Jakoba Errekondok eta Markel Arriolabengoak atzo, asteartea, Elkarguneko Oteiza aretoan. Iñaki Etxebesterekin eta Dani Blanco argazkilariarekin batera ondu duten proiektuaren nondik norakoak azaldu zituzten bi lagun horiek herritarren aurrean. Adierazi zuten lan entziklopediko mardula eta historikoa dela aurten kaleratu duten lana. Urola Bizirik natur taldeak antolatutako saioa izan zen atzokoa.
Liburuan 116 zuhaitz eta arbola espezieren berri ematen dute adituek, horietako bakoitzaren ezaugarriak, ekologia, gaitzak, sinesmenak, eta batez ere, Euskal Herrian izan dituzten erabilera tradizionalak –eraikuntza, ontzigintza, tresneria, sutarako egurra edota argitarako egurra– jasoz. Eduki informatibo horren osagarri, berriz, Dani Blancok eta beste zenbaitek proiektu horretarako propio egindako milatik gora argazki aurkeztu dituzte, Espe Latorreren ehun ilustrazio eta espezieen kokapenak erakusten dituen 86 mapa.
Horrez gain, Euskal Herriko 235 zuhaitz eta arbola apartenen mapa ere erakutsi dute. Landareen mundutik aparte, baina, euskal ondarearekin lotura zuzena duten 5.000 hitzeko hiztegia eta zuhaitzen inguruko esaera zaharrak, bertsoak eta abestiak bildu dituzte.
