Kepa Errastik eta Xabier Ormazabalek sortutako Xake Produkzioak ekoiztetxeak Sidari antzezlana taularatuko du datorren larunbatean Baztartxo antzokian, 19:00etan. Errastik idatzitako eta Getari Etxegaraik zuzendutako komedia da konpainiak Azkoitiko oholtzara eramango duena, bi artista horiez gain, Iholdi Beristain eta Hodei Arrastoa ere izango dira aktore lanetan.
30 urteren bueltan dabilen bikote gazte baten istorioa kontatzen du antzezlanak. Interrail bidaia egitea erabaki dute bikotekideek beren harremanaren zortzigarren urteurrena ospatzeko, eta behin trenean, adineko beste bikote berezi batekin egingo dute topo. Adineko bikoteak ez du norabide garbirik bidaian, baina gomendio bat egingo die gazteei: Greziako Corfu irlako Sidari herrian dagoen ubide bat bisitatu eta igerian gurutzatzea. Izan ere, adineko bikotearen arabera, hori egiten duten bikoteek bizitza guztirako maitasuna eskaintzen diote elkarri.
Antzezlanerako sarrerak aurrez eros daitezke Entradium atari digitalean, zortzi eta hamabi euroren artean. Egunean bertan, antzokiko leihatilan ere salduko dituzte.