Eneko Gorri: "Iparraldean ohartu gara guk ere badugula zer transmititu"

Ane Olaizola

Eneko Gorri. (Utzitakoa)

Maxixatzenen Euskola zikloaren barruan, Eneko Gorrik (Miarritze, Lapurdi, 1983) Ipar Euskal Herriko egoera soziolinguistikoa azalduko du bihar, 18:00etan, Elkargunean.

Zein da Ipar Euskal Herriaren egoera soziolinguistikoaren gaur eguneko argazkia?

Datuek diote azken 30 urteetan euskal hiztunen zenbatekoa %26tik %20ra jaitsi dela. Gaur egun, 51.500 euskaldun dira Ipar Euskal Herrian, eta kopuru hori egonkortu egin da azken hamar urteetan. Hau da, bost urtero egiten den inkesta soziolinguistikoak erakusten digu bost urte osotan 100, 200 edota 400 hiztun irabazten ditugula. Beraz, proportzioan apaldu bai, baina kopuru absolutuari eusten diogu. Iparraldean odolustea biziki bortitza izan da, baina hizkuntza politika eraginkorrak eta herri mugimendua uztartuz, egoera horri buelta ematea eta aurrera egitea posible dela frogatuta dago; paturik ez dagoela hizkuntzen biziberritze prozesuetan.

Adinari dagokionez, nortzuk hitz egiten dute gehien euskaraz?

Adin tarteen bi poloetan kokatzen dira euskal hiztun gehienak: hau da, etxean euskaldundu diren adinekoak eta eskolaren bitartez euskalduntzen ari diren gaztetxoak dira euskaraz gehien hitz egiten dutenak. Erdian, haur euskaldunak dituzten gurasoak zein guraso euskaldunak dituzten helduak daude. Gazteek, berriz, eutsi egiten diote euskarari, haientzat eredugarriak diren espazio batzuk baditugulako oraindik. Herriko festak euskaratik egiten dira, eta herri zein gazte mugimendua gure garaian baino euskaldunagoak direla esango nuke. Helduok joera dugu euskararen arazo guztiak gazteen esparruei leporatzeko, baina nik gazteria gure garaikoa baino konprometituagoa dela sumatzen dut, formatuagoa eta ahaldunduagoa.

Azken hamarkadetan, etxeko transmisioak kale egin al du Iparraldean?

Bai. Duela bost hamarkada euskararen inguruan transmititu zen lotsa hezurretaraino sartu zitzaigun, eta oraindik belaunaldiz belaunaldi transmititzen ari den sentimendu bat da: euskaldunak diren guraso batzuek ez dute euskara transmititzen, ikusi baitzuten euskara maite zuten haien gurasoek ez zutela euskara transmititu, autoritateak haiei eskolan esplikatu baitzien modernitatera jauzi egiteko euskarari uko egin behar ziotela. Egoera horrek historiaurrekoa dirudi, baina ez; euskararen gaiarekin elkarrizketak izaten ditugunean, oraindik ia beti ateratzen den kontua da. Horrek esplikatzen du familia transmisioaren etetea edota ahultzea.

Euskararen arnasguneetan egoerak atzerantz egingo duela ondorioztatu dute zenbait ikerketak. Iparraldeko arnasguneetan zein da egoera?

Ipar Euskal Herrian badugu kontzientzia hartze baten beharra hauskortasunari dagokionez. Gure burua beti konparatzen dugu larriago dagoenarekin, eta beraz, barnealdeko herri euskaldun batzuetan asko entzuten diren esanak dira honakoak: "Hemen euskaraz hitz egiteko arazo handirik ez dugu kostaldearekin alderatuz, euskarari eusten diogulako"; "Euskaraldiak hemen ez du funtziorik betetzen"; "ikastolak hemen ez du zentzurik". Ez dira kontziente hauskorrak direla. Arnasgune gehienak biztanle gutxikoak dira, eta hori bada indarra, baina baita ahulezia ere: nahikoa da han auzo berri bat eraikitzea eta kostaldeko euskal herritar erdaldunak hara bizitzera joatea, arnasgune horren egoera ia osoki aldatzeko. Askoz ere zaurgarriagoa da han egoera, eta hor badago kontzientziazio lana egiteko. Dena den, erakundeak ari dira horretara hurbiltzen.

Euskara ez da ofiziala Ipar Euskal Herrian. Zeintzuk dira erakundeek azken urteetan egin dituzten politikak?

Euskara ez da legez kontrakoa Ipar Euskal Herrian, baina ezta legezkoa ere, eta alegala izateak behartzen du euskara, beti, segurtasun gabezia juridiko eta korapilo politiko baten erdian kokatzera. Frantziako Estatua eraiki izan da kultura, hizkuntza eta nortasun bakarreko estatu gisa, eta badu paradigma konstituzional biziki zurruna, uniformizatzailea. Juridikoki ez dugu ofizialtasunik, baina filosofiari dagokionez ere ez zaigu aitortzen. Legearekin gauza asko egin daitezke, baina kontzientziak ere inarrosi behar dira, frantses hiztun elebakarrek ere uler dezaten euskal hiztunon egoera. Hor ikaragarrizko lana dago egiteko.

Euskalgintzan ari zareten eragileek zer botere duzue hizkuntza politikan eragiteko?

Ez nahikoa, baina bai asko. 90eko hamarkadan, kultur berpizkundearen testuinguruan, euskalgintza Iparraldean lanean ez balitz hasi euskarak, euskal kulturak eta nortasunak etorkizuna izan zezaten, egun ez ginateke existituko ere egingo. Euskalgintzak sekulako eragina izan du kontzientziak pizteko, transmisio kanalak sortzeko, korrontearen kontra igeri egiteko... Eta gaur egun, oraindik mugimenduan segitzen du. Biziki prekarioa da, baliabide urriekin lan egin behar duelako, eta hori bada desberdintasun bat Hego Euskal Herriarekin alderatuz gero.

Euskalgintzan, Hegoaldeak zer du Iparraldeaz ikasteko?

Lekukotasun bat emango dut. Duela 20 urte euskalgintzan militatzen hasi nintzenean, asko ikasi nuen Hego Euskal Herrian. Orduan, beti izaten nuen anaia txikia izatearen sentipena, Iparraldeko euskalgintzako militanteok sentitu izan dugun sindromea. Izan ere, ikasteko asko izan dugu Hegoaldetik, guretzat inspirazio iturri izan da. Ordea, Ipar Euskal Herrian garatu diren egitasmo batzuen bidez, ohartu gara guk ere badugula zer transmititu, badugulako elkarrekin zer eraiki eta geuk ere baditugulako gure berezitasunak. Azken urteetan, gainera, konplizitate handia garatzen ari gara: esaterako, Hiribil espazio komunitarioa zabaldu dute Bilbon, eta hangoek esan dute inspirazio iturri izan dutela Plazara egitasmoak Baionan sortutako espazioa. Halako gauzak onak dira gure autoestimuarentzat

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide