Haritz Aranguren Norde harri jasotzaile azkoitiarrak Euskadiko Kintopeko Txapelketa irabazi du gaur, igandea, Mungian (Bizkaia). Azkoitiarrak bigarren urtez jarraian lortu du txapelketa hori irabaztea, iaz ere garai honetan eskuratu baitzuen txapela, Mungian bertan.
Euskadiko Kintopeko Txapelketa 21 urtez azpiko harri jasotzaileen txapelketa da, eta Aranguren azkoitiarraz gain, Oier Azpeitiak, Gari Elorriagak, Aritz Abendibarrek eta Egoi Nazabalek parte hartu dute lehian. Bi lan egin behar izan dituzte bost kirolariek, eta horiek gauzatzeko hiru minutuko txanda izan dute. Aurreneko lanean 100 kiloko zilindro zaharrarekin aritu behar izan dute harri jasotzaileek, eta bigarrenean, 100 kiloko kubikoarekin.
Zilindroari 34 altxaldi eman dizkio Nordek –iaz baino lau gehiago–, eta kubikoari hemezortzi –iaz baino bi gutxiago–. Bi lanetan lortutako jasoaldiak aintzat hartuta, harri jasotzaile azkoitiarrak lortu du garaipena.
Hona hemen sailkapena:
- Haritz Aranguren Norde: (34 zilindroarekin eta 18 kubikoarekin)
- Oier Azpeitia: (30 zilindroarekin eta 18 kubikoarekin)
- Gari Elorriaga: (31 zilindroarekin eta 14 kubikoarekin)
- Aritz Abendibar: (25 zilindroarekin eta 16 kubikoarekin)
- Egoi Nazabal: (24 zilindroarekin eta 14 kubikoarekin)