Binakako lehiak borobildu du Azkoitiko I. Puzzle Txapelketa

Andoni Elduaien

Valladolideko (Espainia) Sonia eta Alba Alonso ahizpek eskuratu dute garaipena binakako txapelketan. Oihane Arozena eta Alazne Vesga nagusitu dira, bestalde, azkoitiarren artean. Guztira, 44 bikotek parte hartu dute arratsaldeko hitzorduan. Antolatzaileek balorazio ona egin dute Azkoitian aurrenekoz jokatu duten puzzle txapelketaz.

Azkoitiko I. Puzzle Txapelketak eman du aurtengoz berea. Atzo, zapatua, Elkarguneko Herriko Plaza aretoan bildu ziren herriko nahiz propio horretara Azkoitira etorritako puzzle zaleak. Arrakasta handia izan du txapelketaren lehen aldiak; izan ere, 33 bikotek parte hartu dute banakako lehian, eta 44 bikotek binakakoan. 

Arratsaldeko hitzorduan, Valladolideko (Espainia) Sonia eta Alba Alonso ahizpek eskuratu zuten garaipena, 500 piezako puzzlea 00.32.32 denboran amaituta. Haien atzetik, Donostiako Nerea eta Mikel Rodriguez anai-arrebak sailkatu ziren bigarren (00.38.36) eta Cartesko (Kantabria, Espainia) Lara Perez eta Pablo Leal hirugarren (00.39.45). Antolatzaileek, baina, herriko lehen bikotea ere saritu zuten, eta Oihane Arozenak eta Alazne Vesgak lortu zuten garaipena, parte hartu zuten Azkoitiko hemeretzi bikoteetan azkarrena haiena izan baitzen (00.46.55).

Goizean ere arratsaldeko izenak izan ziren protagonista. Nerea Rodriguez donostiarrak lortu zuen garaipena, 500 piezako puzzlea 01.05.09 denboran osatuta. Haren atzetik Lara Perez sailkatu zen bigarren (01.08.52) eta Sonia Alonso hirugarren (01.11.25). Azkoitiarren artean, berriz, Elisabete Juaristi nagusitu zen, puzzlea 01.47.35 denboran amaituta. 

Antolatzaileak, pozik

Nerea Soraluze antolatzaileak balorazio positiboa egin du txapelketaz. "Ondo joan da guztia, espero baino hobeto. Herriko jendea halako txapelketan inoiz parte hartu gabe zen, eta hasiera bagenuen beldur puntua inor animatuko ote zen edo ez, baina herriak ondo erantzun du", adierazi zu Soraluzek. Gainera, hark esan zuen zenbait herritar animatu direla Aepuzz elkarteko bazkide egitera. "Oso-oso gustura gaude, eta datozen urteetan herrian txapelketa antolatzea eta kontua handitzea espero dugu. Akaso txapelketa gunez aldatu beharko dugu, Elkarguneko areto horretan ez gara-eta askoz lagun gehiago sartuko".

Antolatzailearen arabera, izen emate kopuruen aurreikuspenak bete dituzte. "Gure asmoa zen, banaka, 35 bat bikotek parte hartzea; kopuru horretara ailegatu ez baginen ere, 33 lagun elkartu ziren Elkargunean. Arratsaldean, berriz, ia 50 bikotek parte hartu zuten. Hasiera batean, 44 bikote zeuden izena emanda, baina azkenerako beste lau bat bikote bertaratu ziren aretora".

Erlazionatuak

Hasi dute Elkargunean puzzlearen festa

Andoni Elduaien urr 17, 13:14 Azkoitia

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide