Lau eta erdiko pilota txapelketaren final laurdenetako ligaxkako lehen jardunaldiko partidetako bat jokatu zuten atzo, zapatua, Azkoitiko Gurea pilotalekuan. Ander Murua arrasatearrak (Gipuzkoa) eta Aitor Elordi mallabiarrak (Bizkaia) neurtu zituzten indarrak, eta azkenean, Murua nagusitu zen, 22-19 irabazita.
Arrasatearrak partidaren lehen zatian goitik behera menderatu zuen mallabiarra, eta 10-3 jarri zen aurretik. Ordea, gero Elordik erreakzionatu egin zuen, eta 12-7 hurbildu zen markagailuan. Muruak, baina, patxadaz eta burutsu jokatu zuen Gurean, eta berriz ere ihes egin zuen markagailuan, 17-11 jarriz. Elordik sufritzen jakin zuen partidaren bukaerako hondarrean, eta azkenean, bete-betean sartu zen partida. Lehiako bigarren atsedenaldian, Gureako frontoiko markagailuak 18-15 erakusten zuen. Etenaldi horren ondoren ere aurrera egin zuen mallabiarrak, eta 20-19 jartzeraino estutu zuen norgehiagoka. Tentsioa nagusi zen unean, baina, Muruak partida ixten jakin zuen, eta amaieran, 22-19 irabazi zuen.
Laiu eta erdiko partida horren aurretik, eskuz binakako jaialdia jokatu zuten. Batetik, Iñaki Artola eta Beñat Rezusta aritu ziren, eta bestetik, Iker Larrazabal eta Jon Mariezkurrena. Larrazabalek eta Mariezkurrenak lortu zuten garaipena, Artola eta Rezusta hamasei tantoan utzita.
(Argazkiak: Iraia Oteiza)