Aizkibel liburutegiak idazketa tailerra antolatu du hilaren 22rako umeei zuzenduta (18:00), eta han parte hartzen dutenek ipuin bat sortuko dute ordubeteko saioan, Miru ipuin kontalaria bidelagun dutela.
Antolatzaileek azaldu dutenez, jolas dinamikoen bidez, hasieratik amaieraraino asmatuko dute istorio bat parte hartzaileek, eta horretarako irudimena jarriko dute martxan. LH1etik LH3. mailara arteko ikasleek parte hartu ahal izango dute bertan, eta horiek dagoeneko eman dezakete izena, liburutegira joanda edo hango 943-85 08 98 telefono zenbakira deituta.
Ostiralean, ipuin kontaketa
Bestalde, Azkoitiko Udalak antolatutako Asteklimaren barruan, Miru ipuin kontalaria izango da aste honetan ere liburutegian: izan ere, Nik maite dut natura ipuina kontatuko die hark umeei, naturarekiko interesa eta errespetua sustatzeko helburuz. Ipuin kontaketa saio horretarako ere eman daiteke izena, liburutegian.