Irailaren 25ean zendu zen Gasento Oñederra. Txirrindulari profesionala izan zen azkoitiarra, baita hedabide honetako kolaboratzailea ere; Maxixatzen Azkoitiko herri aldizkarirako hainbat bideo grabatu eta argazki bilduma osatu zituen, proiektuari babesa emanez. Orain, haren heriotzatik hilabete eskasera, hainbat lagunek Oñederra omentzeko eguna antolatu dute. Urriaren 24an, larunbatez, txirrindulari martxa eta bazkaria egingo dituzte, azkoitiarra gogoan.
Goizean egingo dute bizikleta gainean ibilbidea. 10:00etan Azkoitiko plazatik irtenda, bidegorria nahiz errepidea baliatuta Zumaiaraino joango dira hainbat txirrindulari. Behin hara iritsita, ekitaldia egingo dute 11:00etan, Oñederra nahiz falta diren gainerako txirrindulariak, lagunak eta kirolariak gogoratzeko. Zumaiako Talaipe aurrean elkartuko dira guztiak, Urola ibaiko eta Kantauri itsasoko urek bat egiten duten lekuan, eta loreak botako dituzte uretara.
Zumaiatik Azkoitira itzuliko dira, eta aurrena, hamarretakoa eskainiko dute Kontzejupean. 14:30ean, berriz, Oñederraren omenezko bazkaria egingo dute Azkoitiko Plaza Ondo jubilatuen tabernan. 25 euroren truke, honako menu hau eskainiko dute: bi kroketa, entsalada mistoa, oilaskoa patatekin, edaria eta postrea. Bazkari horretarako izena emateko, 661 52 01 81 telefono zenbakira SMS edo whatsapp mezua bidali beharko da, izen-abizenak zehaztuta.