Udalaren Gazteria zerbitzuak eskaintzen duen Artxamendi topalekuak ate irekien saioa egingo du hilaren 14an.13 eta 18 urte bitarteko nerabeei eta haien gurasoei zuzendutako aisialdi zerbitzua da Artxamendi topalekua, eta ikasturtea hasi berritan, hango nondik norakoen inguruan informatuko diete gurasoei —aurretik nerabeei zuzendutako saioa egin zuten—. 19:00etan elkartuko dira, Artxamendi topalekuan bertan.
Elkargunean duten egoitzan eskaintzen dute zerbitzua astelehenetik ostegunera 17:00etatik 19:00etara artean, eta ostiraletan, 16:30etik 20:00etara bitartean. Zerbitzuaren arduradunen arabera, lagun artean egoteko erreferentzia puntua da Artxamendi, eta parte hartze estrategien bitartez motibazioa, prebentzioa, heziketa, gizarteratzea eta nerabeen dinamizatzea lantzen dituzte. Gurasoei, berriz, nerabezaroari lotutako orientazioa eta laguntza ematen diete. Zerbitzua erabiltzeko, ez dago aurrez izena eman beharrik.