Urriaren 28an jokatuko dute Anaitasunak eta Alavesek Errege Kopako kanporaketa

Andoni Elduaien

Anaitasunako ordezkariak, sailkapena ospatzen. (Anaitasuna)

Egun horretan, 19:00etan hasita jokatuko dute gorritxoek Alavesen aurkako kanporaketa, Txerloian. Kanporaketa hori partida bakarrera jokatuko dute Loren Barbadorenek, eta garailea abenduko lehen astean izango den bigarren kanporaketara sailkatuko da.

Espainiako Futbol Federazioak gaur argitu du Espainiako Errege Kopako 56 kanporaketak zein egunetan eta zein ordutan jokatuko diren, tartean Anaitasunak eta Alavesek Txerloian jokatuko duten partidarena. Gorritxoek eta babazorroek urriaren 28an, asteazkenez, 19:00etan hasita neurtuko dituzte indarrak kopa txapelketako lehen kanporaketako partidan. 

Navarreteko (Espainia) Tedeon taldea kanporatu eta gero sailkatu da Anaitasuna Espainiako Errege Kopa jokatzeko, eta hala, Espainiako Lehen Mailan diharduen talde baten aurka aritzeko aukera lortu zuen Azkoitiko taldeak. Herenegun, astelehena, egindako zozketan Gasteizko Alaves egokitu zitzaion Loren Barbado entrenatzaileak zuzentzen duen taldeari, eta gaur ezagutu dituzte partida hori jokatuko duten eguna eta ordua zein diren. 

Partida bakarrera jokatuko dute kopa txapelketako lehen kanporaketa gorritxoek, eta irabazlea abenduko lehen astean jokatuko duten bigarren kanporaketara sailkatuko da. Guztira, 56 talde sailkatuko dira hurrengo kanporaketara, eta orduan, berriz ere, irizpide geografikoen arabera osatuko ditu Espainiako Futbol Federazioak zozketa egiteko multzoak. 

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide