Infernutik bihotzera egindako bideak, artearen begiak bidaide

Ane Olaizola

Hauspo bat bihotzari ikuskizunean, Zumarragan parte hartu zuten artistetako batzuk. (Goierriko Hitza)

'Hauspo bat bihotzari' ikuskizuna taularatuko dute larunbatean Baztartxo antzokian. Arte hizkuntza desberdinak uztartuz, Azkoitiak trikitiarekin izan duen lotura plazaratuko dute.

Trikitia atzerritik etorri berritan, musika tresna hori jotzen zutenek nekez pentsatuko zuketen infernuko hauspotik ateratzen zen doinu hura ikur bilakatu eta herri oso baten bihotzean iltzatuko zenik. Gaur, kontrara, ezin da imajinatu haren musikarik gabeko inguruko txokorik, eta horretan azpimarra eginda, trikitiak izan duen sustraitzea oholtza gainera eraman du Andoni Salamero olerkari zumarragarrak: "Euskal Herriko makina bat txokotan jotako instrumentua dugu trikitia, gure barneko iruditerian momentu gozo eta garratzetan lagun izan dugun musika tresna. Zenbatetan, trikitilaria, soinu txikia zein soinu handia joz, ez ote dugu bihotza bera irudikatu, alegia, sistole eta diastole mugimenduetan irekitzen eta ixten dagoen gorputz atala? Eta panderoa, bihotz horrek jotako notak, tarrapata luze etengabeetan, areagotzen dituen instrumentu bizi, sentikorra?". Bulkada horretatik sortu du artistak Hauspo bat bihotzari ikuskizuna, eta datorren larunbatean taularatuko du Azkoitiko Baztartxo antzokian (19:00), herriko zein inguruko beste zenbait artistarekin batera. Sarrerak salgai daude Entradium atarian, hiru eta bost euroren artean.

Zuzendariak iaz estreinatu zuen ikuskizun bera jaioterrian, eta prosa poetikoari jarraituz, trikitiak Zumarragan (Gipuzkoa) egin duen bidea oholtza gainera eraman zuten askotariko artistek, artearen diziplina ugari uztartuz. Ordukoan bezala, larunbatean eskainiko duten ikuskizunean ere trikitia izango da protagonista, eta osagaiak hainbat izango dira, hala nola dantza, margoa, musika, prosa poetikoa eta bertsoak. Baina oraingorako, obra Azkoitiko testuingurura egokitu dute, musika horrek herrian zer arrasto utzi duen erakutsi nahian. Musikaren bueltan artearen hizkuntza desberdinek bat egingo duten honetan, gainera, honako artista hauek igoko dira Baztartxoko agertokira: Salamero bera; Lurdes Alkorta, Xabier Alberdi Zabale eta Aitor Furundarena soinujoleak; Bizkargi musika eskolako trikitilariak eta pandero jotzaileak; Andoni Egaña bertsolaria; Garazi Etxaburu dantzaria; eta Gorka Larrañaga margolaria.

Hunkitzen duena

Larrañagak azaldu duenez, prosa poetikoari jarraitzen dion "memoria bidaia bat" da larunbatean taularatuko dutena. Hark aurreratu du ikuskizuna ez dela musika tresna horren kronika historiko bat, baizik eta irudimena eta memoria erabiliz, emozio estetikotik sortutako trikitiaren "historia labur bat". Bidaia horretan, trikitiaren tradizioa eta herriaren gertuko historia lotu ditu obraren zuzendariak, eta egitura horretan txertatu ditu, besteak beste, Atraskua taberna, langileek ostatu hartzen zuten apopilo etxeak, abarketa fabrikak, Andre Mariaren Jasokundearen parrokia eta Urrategiko erromeriak. Trikitiaren inguruko "hausnarketa berezia" egitea proposatzen du zuzendariak, baina era berean, festa giroan itxuratu nahi du. Azkoitia herri "oso trikitizalea" izanda, gainera, Salamerok sortu nahi duen giroa oso ondo egokitzen dela adierazi du Larrañagak.

Haren arabera, gainera, diziplina desberdinen sinergia lana izan da obra. "Arte esparru desberdinek osatzen dute ikuskizuna, eta bakoitzak lantzen duenak oso ongi funtzionatzen du obraren osotasunean. Diziplina bakoitzak bere unea eta garrantzia ditu, baina guztiak daude elkar lotuta. Horrek ematen dio obrari indarra".

Hain zuzen, ikuskizuna "emozio handikoa" dela azpimarratu du azkoitiarrak, publikoa "bete-betean" hunkitzen duena. "Hemen oso berezkoa dugun trikitia hona nola heldu zen eta musika tresna horrek hemen zer bidaia egin duen ikustea hunkigarria da". Era berean, gaia historikoa bada ere, ikuskizunaren planteamendua oso garaikidea dela azpimarratu du artistak. "Ez da ohikoa dantza garaikidea margoarekin erlazionatuta ikustea, ondoan trikitia dagoen bitartean. Ildo horretan, oso borobila da ikuskizuna".

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide