Pintxorik solidarioenak dastatzeko aukera izango da zapatuan, Kontzejupean

Andoni Elduaien

Iaz ere Kontzejupean jarri zuten pintxoak banatzeko gunea. (Julene Frantzesena)

Goizean zehar jarriko dute postua udaletxe azpian Gazteak eta Garapena gobernuz kanpoko erakundekoek. Salestarren komunitateak kaleko umeen alde Venezuelan eta Kolonbian dituen proiektuei laguntzeko bideratuko dute aurten pintxoen salmentaren bidez bilduko duten diru guztia. 

Gazteak eta Garapena gobernuz kanpoko erakundeak antolatuta, Solidaritate Pintxoa egitasmoa egingo dute datorren zapatuan, urriak 17, Kontzejupean. Aurten, pintxoen salmentaren bidez bildutako diru guztia salestarren komunitateak kaleko umeen alde Venezuelan eta Kolonbian dituen proiektuei laguntzeko bideratuko dute. Lurrikarak jasan dituzten bi herrialde horietan dituzten proiektuak lagunduko dituzte modu horretan. 

Hori hala, egitasmoa gauzatzeko norbanakoei, herriko elkarteei, harakinei, okinei eta tabernariei dei egin diete, horiei guztiei pintxoak, tortillak, bizkotxoak, postreak eta antzerakoak egunean bertan Kontzejupera eraman ditzaten eskatuz; 09:30etik 10:30era bitartean jasoko dituzte herritarren ekarpenak udaletxe azpian. Hala eta guztiz ere, Gazteak eta Garapena erakundeak azaldu du bestelako laguntza ere "ongietorria" izango dela. 

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide