Anbulatorioko igogailua berrituko du Osakidetzak

Andoni Elduaien

Azkoitiko anbulatorioa. (Andoni Elduaien)

Bihar, asteazkena, hasiko dituzte igogailua berritzeko obrak. Eusko Jaurlaritzako Osasun sailak 50.000 euro bideratuko ditu lan horietara. Obrek irauten duten bitartean, bigarren eta hirugarren solairuetako erizaintzako kontsultak beheko solairuetan kokatuko dituzte. Irisgarritasuna bermatzeko, berriz, eskailera igogailu bat jarriko dute anbulatorioaren atzealdean.

Osakidetzak bihar, asteazkena, hasiko ditu Azkoitiko anbulatorioko igogailua berritzeko obrak. Eusko Jaurlaritzako Osasun sailak jakinarazi duenez, igogailua aldatzeko lanek 50.000 euroko aurrekontua izango dute. Osasun itunean jasotako konpromisoari erantzungo dio Azkoitian egingo duten obrak, erakundearen asmoa baita herritarrei bideratutako osasun azpiegitura oro "eguneratzea", "modernizatzea" eta "premia berrietara egokitzea". 

Obrek irauten duten bitartean, anbulatorioko zerbitzuan apenas izango da aldaketarik. Dena den, bihartik obrak amaitu bitartean, bigarren eta hirugarren solairuetako erizaintzako kontsultak beheko solairuetako espazioetara bideratuko dituzte. Irisgarritasuna bermatzeko, gainera, eskailera igogailu bat jarriko dute anbulatorioaren atzealdean, aparkalekuaren ondoan, gurpildun aulkia erabiltzen duten pertsonei lehen solairura iristea errazteko. Hala eta guztiz ere, mugitzeko zailtasunak dituzten herritarrek eta gurpil aulkirik erabiltzen ez dutenek ere erabili ahal izango dute igogailu hori, anbulatorioan bertan emandako aulki baten bidez.

Eusko Jaurlaritzako Osasun sailak Osakidetzaren Azpiegitura eta ekipamendu sanitarioen programaren (2025-2032) barruan kokatu du igogailua berritzeko obra. Programa horri lotuta gauzatuko dituzten 74 lanetarako 1.600 milioi euro bideratzea du aurreikusita Eusko Jaurlaritzak. Plan hori iazko abenduan aurkeztu zuten

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide